Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Etxeko labera hurbiltzen naizenero ikusten dut Euskal Tonbolan tokatutako imana. Hainbat balkoi eta leihotan ere ikusi ditut zapiak lelo berarekin: Euskaraz bizi nahi dut. Egunerokoak ordea, benetan hala ote den galdetzera narama etengabe.
Gure bizitzan hezurretaraino daukagu sartuta gazteleraren (Bidasoatik honakoon kasuan) makulua. Gaztelera garden bihurtu zaigu, geure egin dugu, eta ohikoak ditugun gauza askotan ez ginateke gai izango euskaraz ala gazteleraz egin ditugun esateko. Har ditzagun, esaterako, telebista-kateak. Inoiz baino aukera zabalagoa dugun honetan euskarak ez du tokirik (ia). Erosketak egitera joan eta gazteleraz etiketatutako produktuak erosten ditugu. Edozein gailu elektriko erostean (baita etxeko deitzen diegun marketakoak ere) ez dugu euskararik aurkitzen gida eta eskuliburuetan. Autoak ez digu euskaraz hitz egiten pantailan, ezta telebistak berak ere. Arnasaldi bat nahi eta zinera hurbilduz gero, pantaila handiak ere euskaraz ez dakiela ikusten dugu. Askotan esan diet lagunei gazteleraz begietatik sartzen zaigun guztia txineraz balego, agian ohartuko ginatekeela zenbateraino dagoen sartuta gure bizitzetan gaztelera.
Honek guztiak harreman informaletatik harago euskararen beharrik ez sentitzera darama euskal hiztuna, eta aurrez aipatu ditudanak norbere aukeraren esku egon ez arren, norbere esku dauden aukeretan ere gaztelerara jotzera eramaten ditu pertsona asko. Horrela, jatetxeetan menuak gazteleraz irakurtzen ditu euskaldun alfabetatuak, bankutik iritsitako mezuetan ere gaztelera hobesten du, eta aisialdirako libururen bat aukeratu behar duenean gaztelerara egindako itzulpena aipatzen du jatorrizkoa balitz bezala, ziurrenez euskarara egindako itzulpenik ba ote dagoen begiratu ere egin gabe. Etxe erosi berriaren eskriturak gaztelera hutsean 2020an, autoaren zein etxearen aseguru-paperak gaztelera hutsean, euskaraz konfiguratzeko aukera duen ordenagailua zein mugikorra ere gaztelera hutsean… Eta hori 3 urtetik hasita euskaraz eta D ereduan alfabetatutako jendeak.
Sukaldean sartu eta Euskaraz bizi nahi dut leloa duen imana hartu eta jolasean ibili naiz, labearen altzairutik urrundu, askatu eta ea itsasten den, ez den… gugan benetan itsasteko besteko distantzia kalkulatu nahian bezala. Barkatuko didazue petralaldia, baina gure esku daudenak aldatzen hastea geuri dagokigu, eta halakoetan euskaraz bizi nahi dugula erakusten hasten ez bagara nekez aldatuko dira gure esku ez daudenak.