Maddi Erauskin – Norabide egokian ote?
Ezohiko uda honen ostean, sartu gara irailean eta kurtso berriari ekiteko garaia heldu da.
Haurrak euren ikasgeletara itzuliko dira, eta sei hilabeteren ondoren lagunekin topo egingo duten lehen eguna izango da. Askok gure hizkuntza berriz entzun eta erabiliko dute denbora luze bateko etenaren ostean, eta horrekin batera lagunekin komunikatzeko zubia ez dela aldatu ohartuko dira. Izan ere, askorentzat eskola zein unibertsitatea baita euskara praktikatzeko gunea.
Horri esker, 60-70eko hamarkadarekin alderatuz euskaldun kopuruak nabarmen egin du gora eta lorpen handia izan da euskararentzat. Hala ere, ez da berdina gertatu erabilpenarekin. Askorentzat gure hizkuntza, lanerako edo ikaslekuetako tresna bihurtu baita, eta eremu horretatik kanpo erabiltzeari utzi diote. Horren arrazoiak anitzak dira: gaizki hitz egiteagatik irainduak izatea, erdara erabiliz guayagoak sentitzea, euskaraz entretenitzea ezinezkoa dela sinestea…
Kontua da, hizkuntza batek egiten duela herri bat, eta geure identitatearen parte dela euskara. Lanerako tresna bat baino askoz gehiago da. Gizabanakoak komunikatzeko berezko beharra du eta euskara da euskaldunon zubi. Dakitenek erabiltzen ez badute ordea, norabide desegokian goaz.