Abuztuan 31 urte bete ditut eta nire burua zahartzen ikusteak dilema existentzialak edukitzera bultzatu nau. Aurtengo buruhausteak bereziki enbarazu egin dit gainera, nahiz eta oporretan nire buruari gehiegi ez pentsatzeko lizentzia eman. Dilema hau izan da: Noiz bihurtu naiz hain arrotz? Hain antisozial?
Baliteke, norbaitek makinako ebaki deskafeinatua sakarinarekin, aparrik gabe eta oso beroa, kristalezko baso batean eskatu zidan egunean bihurtu izana, zorrozki eskatu bezala zerbitzatu eta gero beroegia zegoela aurpegiratu zidanean.
Baliteke, norbaitek entrekot plater bat eskatu eta ia guztiz irentsi eta gero, hau txarra zegoela leporatu eta soberakina zakurrari ere emango ez liokeela esan zidanean bihurtu izana, platera musu-truk emateko exijitu zidanean.
Baliteke, norbaitek bere nagusiak gaizki tratatzen zuelako negar batean entzun eta gero, mespretxuz beteriko txistu eta hatz keinu batez beste zerbeza bat zerbitzatzeko eskatu zidanean bihurtu izana.
Baliteke, norbaitek baimenik gabe barraren beste aldera salto egin eta ipurdia ukitu zidanean gertatu izana, baliteke kopa bat zerbitzatzen ari nintzela «Hoittun hoik errapek!» lizun bat bota zidatenean bihurtu izana.
Baliteke, norbaitek ogia oso txigorturik zuen ogitarteko bat eskatu zidan egunean bihurtu izana, honen kexak zirela eta ogia plantxatik hiru aldiz pasa eta gero, apur bat erreta zegoela leporatu zidanean.
Ni naiz erreta dagoena. Gizartearekiko burn-out sindrome kroniko jasanezina dut. 1937-ko Gernika naiz, zuen txotxolokerien etengabeko bonbardaketaren ondorioz guztiz suntsituta dagoena. Batzuetan, tarta pusketa baten patu berbera izan dudala pentsatzen dut: Maitasunez egindako zerbait nintzen, energiaz betetako mokadu gozoa, norbaitek murtxikatu, irentsi eta bere kolonetik pasa ondoren, kaka bihurtu zuena.
Nire pazientzia, nire alaitasuna, nire duintasuna komun zulotik behera bota zenuen egunean bihurtu nintzen antisozial, eta ez hori bakarrik, ez naiz bakarra. Jendaurrean lan egiten dugun guztiek gorroto zaitugu.