Koronabirusak kulturgintza ia erabat geldiarazi badu ere, euskal zinemak eutsi dio aurtengo produkzioari. Horren erakusgarri da egunotan Donostian egiten ari diren Zinemaldia. Guztira 21 euskal produkzio berri aurkeztuko dira bertan, horietatik 13, Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehian ariko dira. Zinemira atalean, Nora filma estreinatuko du Lara Izagirre zuzendariak. Eugene Green zinemagile estatubatuarrak egindako Atarrabi et Mikelats lana ere bertan ikusi ahal izango da, eta David Gonzalezek La noche nos lleva filma aurkeztuko du. Hainbat dokumental ere aurkeztuko dituzte atal honetan; Mikel Zabaltzaren desagerpena lantzen duen Non dago Mikel?, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa dakarren Caminho longe, eta Enrique Villareal musikariai buruzko El Drogas lanak dira horren adibide. El estado contra Pablo Ibar eta Jo ta ke dokumentalak ere proiektatuko dituzte, baina lehiaketatik kanpo.
Gainontzeko ataletan banatuta, beste hainbat ekoizpen estreinatuko dituzte. Sail ofizialean Pablo Agüeroren Akelarre; zuzendari berrien atalean, Imanol Rayoren Hil kanpaiak; Culinary Zineman, Asier Altunaren Arzak since 1987 dokumentala; Zabaltegin, Laida Lertxundiren Autoficcion eta Marina Palacioren Ya no duermo; eta azkenik, Made in Spain atalean, Paula Cons Varelaren La isla de las mentiras.