Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Sekula baino azkarrago joan den uda amaieran dago. Haurrak eskolara berriro: ikastera, sozializatzera, arlo askotan beraien burua garatzera… Ume askok eskolako lagunak hainbeste denbora ikusi gabe eman ondoren, eskolara itzultzeko irrikan daude, gure sei urteko semearen kasu. Zaila dute ordea, aurtengo ikasturteko eskola irudikatzea, eta ez da erronka makala izango dauden badintza eta baliabideekin eskolak bete beharreko funtzioei eustea. Era berean, arlo honetan hutsuneak aregotu egingo direla pentsatzea oso kezkagarria da.
Protokoloak eta segurtasun neurriak proban daude, osasun-segurtasun ikuspegitik inprobisazioaren sensazioa sortuz. Baina arlo pedagogikoan, panorama are eta kezkagarriagoa da. Ez da ba, gure haur gazteen kalitatezko hezkuntza jendarte osasuntsuaren oinarri nagusienetariko bat! Sindikatuek salatu dute maiatzetik gobernuarekin ez dutela harremanik izan, nahiz eta begibistakoa zen ikasturte oso konplikatua zetorrela, nahiz eta konfinamendu garaiak zer ikasia utzi, nahiz eta gobernuko alderdiak aspaldikoak izan beraien arduretan… Hauteskudeen prestakuntzak ez ote du beste ezertarako denborarik utzi? Edo ez dute lehentasunezkotzat hartu?
Ohitura sozialak aldatu behar ditugula esan digute. Gure esku baitago harreman sozialak murriztea eta kutsatze tasak jaistea. Hor dago antza planaren gakorik garrantzitsuena. Ohitura sozial horien aldaketaren gaineko kontrolean dago beste gako bat, informazioaren erabilera interesatua eta poliziaren joan etorrien areagotzea. Alferrik izango da beraz, garai berriek eskatzen duten epe ertain-luzeko estrategia antolatuei buruz galdetzea.
Bien bitartean, arlo batzuetan egiten ari den bezala, tokian tokiko arnasguneak eta hausnarguneak mantentzea eta berriak antolatzea beharrezkoa dugu ikuspegi pertsonal zein kolektibotik. Ildo horretatik oraingoan ere, baserritik eta natur ingurunetatik ekarpen interesgarria egin daitekeela iruditzen zait. Haurrak, gazteak eta hain gazteak ez direnentzako ikasteko eta disfrutatzeko eremuak. Etorkizuna eraikitzeko oinarrira joan behar dugula erakutsi digu krisiak. Elikadura osasungarria, naturaren zikloak, garaiko elikagaiak, animalien ongizatea, ekoizpenaren dibertsifikazioa, agroekologia, ekonomia zirkularra, efitzientzia energetikoa, euskara, hartu-emana… Hori dena izan daiteke baserria. Baita basoa eta horren erabilera anitza ere. Gure jendarteko etorkizuneko erronkak dira, politika publikoen norabide aldaketa eskatzen dutenak, baina baserritik herritarrekin elkarlanean joan gaitezke bidea egiten.