Anaia bikiak zabaldutako bidea jarraituz, Donostiako Ospitalean jaio zen Jon Luloaga zaldibiarra 1983an. «Gaur egunean ere kuadrillakoek Zaldibiakoa ez naizela aurpegiratzen didate». Herriko hainbat saltsatan ibilia, zinegotzi da gaur egun. Esperientzia gomendagarria iruditzen zaio, «batez ere, taberna atarietan, arazo guztien konponbideen jabe diren horientzat. Lotua ere bada, eta ligatzeko ere balio du, boterearen erotika hor dago», dio umoretsu.
Ze zaletasun dituzu?
Ahuntzetara joatea, umeekin jolastea…
Pelikula bat.
Braveheart.
Liburu bat.
Sun Tzuren El arte de la guerra edota Xamarren Euskara jendea, bietako bat.
Musika talde edo abeslari bat.
Mikel Laboa.
Abesti bat.
Herria eta hizkuntza (…gaztainaren aldaxkez jantzirik pagoa…).
Kolore bat.
Gorri iluna.
Oporretarako leku bat.
Zaldibiako Aixtrangoena baserria.
Zer gosaltzen duzu?
Ogi zaharra badago esne-zopak, eta bestela kafea.
Amets bat.
Euskal Herri euskaldun, euskaltzale eta feminista batean euskaraz bizitzea. Sozialista podiumetik kanpo geratu da, baina hor dago.
Zerk sortzen dizu irribarrea?
Iloba batek ateraldiren bat bota, eta nik uste nuena baino azkarragoa dela konturatzeak.
Bizitzako plazer txiki bat.
Egun oso bat niretzako hartu eta ezer ez egitea. Itzalean etzan eta hodeiei begira egon, irakurri, pentsatu, siestatxoa, errekara harriak bota… xelebrekeriak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Nire ilobak.
Goierriko txoko bat.
Goierriko hiriburua noski. Onena etxean dugunean zaila izaten da Zaldibiatik ateratzea.
Zaldibian biziko ez bazina…
Irautea bakarrik geratuko litzaidake.