Xanti Garmendia • Gaintza
Oroitzapen ugari datoz memoriara erretratuari begira jartzean, adin beretsukoekin gogoratzean, batez ere; oroitzapen gazi-gozoak. Nola moldatzen ginen, ordea, gure egunerokoan? Nolako eskola giroa genuen?
Gurea bezalako herri txiki batean, herriko eskola zen (nazionala deiturikoa) zegoen bakarra. Geletako bat neskena zen, maistrarekin egoten ziren; eta bestea, mutilena. Nahasian geunden adin guztietakoak, 6 bat urtetik hasi eta 14ra bitartekoak. Mutilen maisua ia urtero aldatzen zutenaren irudipena daukat; mordoska bat ezagutu genituen, behintzat. Erdaldun peto-petoak ziren… Hura zen koktela gela barruan sortzen zena: guk apenas genekien gaztelerarik, eta maisuek, berriz, tutik ere ez euskaraz, eta zerbait ikasteko asmo zipitzik ere ez; esango nuke guztiz kontrakoa zela haien jarrera. Neskek, kasu horretan behintzat, zorte hobea izan zuten. Urteetan, herrian oso estimatua izan zen maistra euskaldun bat –Juanita– eduki zuten. Eskolak erderaz emango zizkien, baina beste harreman eta konfiantza giro bat aurkitu zuten ikasleek berarengan.
Ez dakit ezer askorik ikasten ote genuen, baina, nahiz eta geure gisara moldatu, gure haurtzaroan pila bat jolasten genuenaren irudipena daukat: pilota, futbola, kanikak, ziba, txirika, harrapaketak. Tarteka, neskekin batera, soka saltoan ere egiten genituen saio ederrak.
Lehenengo aldiz itsasoa ikusi
Kurtso amaierako txangoa ilusioz itxaroten genuen egunetako bat izaten zen. Fangio gidari genuela, orduko autobus kankarrio haietako batean, normalean kostaldeko herriren batera eramaten gintuzten. Ondo grabatua daukat, lehenengo aldiz itsasoa ikusi nueneko une hura. Kostara inguratzen gindoazen heinean, a zer nolako zalapartak autobus barruan, ia bata bestearen gainean: «Begira, begira, han ageri da, urdin-urdina!». Gaur egungo ikuspegitik barregurea sortzen badu ere, giro eta kontestu berezi hartan, zein une magikoa!
Eta 14 urtera iristean, herriko eskolaldiaren amaiera etorriko zen. Mutilen kasuan, pintxe modura lehendabizi, ofizioren bat ikasteari ekiten zioten batzuk. Inguruko herri handiagoko tailerren batean hasiko ziren, beste batzuk, edo fabrika handian.
Neskek, tamalez, orduan ere, ez zuten aukera handirik topatzen lan munduan, eta baserrian ez baziren geratzen, zerbitzari (neskame) edo gisa horretako langintzaren bati heldu beharrean aurkitzen ziren, guztiak ere hutsaren truke lan eginaz. Izan ziren, halere, ikasten jarraitzeko aukera izan zuten bakarren batzuk, baina, normalean, fraidetegi, seminario edo lekaimeen komenturen batean sartuta.
Horrelatsu igaro ziren, bada, gure haurtzaro eta nerabezaroko urteak. Sarritan nahiko egoera zurrun eta hertsiei aurre egin behar izan bagenien ere, momentu alai eta dibertigarrien faltarik ere ez genuen izan, eta geurekin generaman, beti, bizitzan aurrera egiteko hain beharrezkoak dena, ilusioa.