Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Braustakoan liburu bat gomendatzeko eskatzen didatenean, ez dut zalantzarik egiten. Nori ez zaio han goitik itsasoa ikustea gustatzen?
Han goitik itsasoa ikus daiteke, begien aurrean itsasorik ez badago ere. Ikusmenak igerian aritzeko aukerarik ematen ez badigu ere, han goitik itsasoa ikus daiteke. Batez ere, lainoaren partez itsasoa ikusteko gogoa badugu. Edo pozaren eta satisfazioaren azpijokoei adi harrapatzen bagaitu momentuak. Pozaldi horretara bizikletan igo gaitezke, Gino Bartaliren atzetik adibidez, eta bizikletan ibiltzen ez badakigu, oinez, edo haizeari arraunean, edo garrasiak harkaitzetan itsatsiz, edo eseri eta begiak itxita. Eta ikusi egingo dugu. Begiak itxita ere ikusi egingo dugu, eserita ere, han goitik itsasoa.
Baina horretarako bizitzak zer hori behar du. Zer hori, txikia izanda ere. Zer hori txikia bada, hobe. Bizitzak iraultza txiki hori behar du, barruko oasietan uholdeak eragingo dituena.
Bizitza jolas bat bada, bizitza jolas krudel bat dela ulertu behar dugu, gerrak pausoak leherrarazten dituenean esaterako. Badirela eguzkirik merezi ez duten egunak, eta, hala ere, eguzkitsu esnatzen direnak. Gerrak nahita eta propio aukeratzen dituenak mina areagotzeko. Injustiziak, ordea, inoiz ez ditu eguzki guztiak bere egiten, eta hor jolasten, eta ez jokatzen, hor jolasten asmatzen duenak jango ditu ogi artean ezkutatuta egon daitezkeen gerezirik goxoenak.
Jende txikia protagonista duen liburu handi bat da Julen Gabiriarena, esku artean itsasoa sentiarazten diguna.