Ainitze Jauregi • Oreka fisioterapia (Segura)
Kontsultara etortzen diren askok ondorengo zalantza izaten dute: dituzten minen sorburua ez ote dagoen ohean lotarako hartzen dugun kokapen desegoki bat hartu izanean. Ziurrenik ez da arrazoi bakarra izango, baina eragin dezake noski. Profesional moduan, lotarako kokapenik egokiena, kokapen fetala dela esan behar dut, albo batera jarrita, ahal bada ezker aldearen gainean (adituek diotenez, horrek, bihotz-zirkulazio eta liseri arazoak ekiditeaz gain, drenatzea errazten du, besteak beste).
Burukoari dagokionez, olatu forma badu hobe; alegia sorbalda eta lepo arteko tartea beteko duena izan dadila burua jarriko den parekoa baino lodiagoa, hartara burua ohearekiko paraleloan egoki kokatuko baita. Kokapen horretan, jendeak frikzio/presioak eragindako mina sentitu izan ohi du belaunetan eta hori ekiditeko, kuxin bat jar dezakegu, belaunetako mina ekiditeaz gain, aldaka eta pelbisaren errotazioa ekidingo dugu.
Hala ere, hurrengo galdera ondorengoa izaten da: «Ohean hasieran horrela kokatuko naiz, baina gero, nola esnatu goizaldera?». Galdera ona. Ia ezinezkoa da hasieran jarritako kokapenari gau osoan eustea. Askok lo orduak ere galtzen dituzte kokapen «perfektu» horretara iritsi ezinik, eta lotarako «hain denbora gutxi dugun» (edo hartzen dugun) bizimodu honetan, ez al da hobe ditugun orduetan gustokoen dugun moduan jarri eta ondo lo egin eta gero, egunean zehar, hartzen ditugun kokapenen jakitun garelarik, hauek zuzentzen saiatzea eta lesioak ekiditea?
Egunean zehar
- Eserita lan egiten badugu, aulkian ondo esertzea da gakoa, ipurdia atzeraino eramanda, hankak lurra ukitzen duela eta eskuak sorbalda behartu gabeko posturan. Telefonoz denbora luzez eta ordenagailu aurrean aritu behar dutenek, esku libre sistema erabiltzea komeni da, telefonoa buru eta sorbalda bidez eutsi ordez. Horregatik ere lesio asko artatu behar izaten ditugu.
- Zutik lanez egin gero, egurrezko kaxa edo altueratxo batean hankak txandaka igota, gerriak atsedena hartzen du, ez da hainbesteko kargatuko.