Landare arrunta da gurean, eta propietate diuretikoak dituelako erabiltzen da, baita odol-jarioetarako eta ile erorketa saihesteko ere.
Izen herrikoia: Azeri-buztana.
Izen zientifikoa: Equisetum arvens L. / Equisetum telmateia (Equisetaceae).
Ezaugarriak: Bi motatakoak izan daitezke. Batzuk negu bukaeran jaiotzen dira, eta emankorrak dira. Hostoak, zurixkak edo marroi argiak. Buruxka batean bukatzen dira, eta esporangioek beren ugalketa funtzioa bukatzen dutenean, zimeldu egiten dira. Ondoren, bigarren motako zurtoin antzuak hazten dira, udaberri-uda aldera. Zurtoinaren inguruan sortaka pinuaren antzeko hosto fin eta luzeak ditu. Oso arrunta da inguru hezeetan, erreka-ertzetan, belardi hezeetan eta putzuetan.
Atal erabilgarriak: Zurtoinak eta hostoak.
Propietateak eta erabilpenak: Propietate ezagunena diuretikoa da; oso aproposa da hanka eta likido erretentziorako, eta obesitate tratamenduetan laguntzailea da. Gernu hodiak garbitu eta odola leheneratzen du. Mineratzailea da, anemia kasuetan adibidez. Dekozioa moduan hartuko da: 30 gramo landare litro bat uretan egosi hamabost minutuz, eta bizpahiru edalontzi edan egunean.
Odol-jarioak mozteko ere erabiltzen da, bai barrukoak zein kanpokoak. Barne odol-jarioetan 50 gramo landare egosi 30 minutuz litro erdi uretan, eta hiru edalontzi edan egunean. Kanpoko odol-jarioetarako, almorranentzat, azaleko gaitzetarako, zikatrizante moduan, 100 gramo landare egosi litro erdian, eta kataplasman, bainu edo garbiketa moduan erabili.
Ile erorketarako, kaspa sortzea eta ilea erortzea saihesten du. Egositako urarekin garbitu ilea. Zirkulaziorako, giltzurrun edo lunbarretako minarentzat…
Kontraindikazioak: Hipertentsio edo kardiopatia kasuetan, azeri buztanaren barne erabilera mediku edo espezialista baten kontrolpean egin behar da. Ez dira tratamendu luzeak egin behar.