Musikarako afizioa etxetik datorrenean, ez da harritzekoa familiako kide bat baino gehiago musikariak ateratzea. Hain ohikoa ez dena, ordea, familiako lau kidek musika talde bat sortzea da. Hori gertatu zen 70eko hamarkadan Beasainen, Urkizu familiarekin. Julian Urkizuk Zegamako Musika Bandan egin zituen aurreneko pausuak. Seme-alabei ere, musikarako zaletasuna transmititu zien, eta Julen, Anabel, Iñaki eta Amaia, aitaren bide beretik hasi ziren. Solfeo eta akordeoi ikasketak egin zituzten, eta Beasaingo eta Tolosako Musika Bandetan aritu ziren.
Aitak eta seme-alabek Urki taldea sortu zuten 1975. urtean. Ezkontzetan eta herrietako festetan jotzen hasi ziren, eta fama hartu zuten nonbait, haiek jasotako enkarguak beste talde batzuri eman behar izaten baitzizkieten askotan, denei erantzun ezinik. Gipuzkoan ez ezik, Nafarroako hainbat herritako festetan ere jotzen zuten. Beasainen, Zarautzen, Hernanin edota Tolosan, igandetan jotzeko kontratuak ere egin zituzten. Ia 20 urtez aritu ziren esenatokietan, 1994. urtean, seme-alabak beste lanbide batzuetan hasi zirenean utzi zuten arte.