Bailaratik abiatu eta gorako bidean egingo da Ibiltari hau, Ezkion. Gurutze batetik abiatu eta beste batean bukatuko da, esanguratsua joan den mendetik hona euskal gizartean gertatutako aldaketa soziologikoa ulertzeko.
Gaur egun lagun gutxik dakite non dagoen Ezkioko Amabirjiñan tokie, eta are gutxiago dira horra bertaratzen direnak, meza entzutera edo eskaintzak egitera, baina badira oraindik eskolaren ondoko aldapako aterpera gerturatzen direnak, hilaren bigarren igandean. Jakinmina daukanak, Anduagako Topa taberna ondoan aparkatu eta bertatik abiatzen diren eskailerak igotzea besterik ez du, aterpeko gurutzea, iturria, aldarea, argazkiak, estatuak… bertatik bertara ikusteko.
Datorren urtean beteko dira 90 urte bi umek, anaia-arrebak, Anduagako zelaian Ama Birjina azaldu zitzaiela esan zutenetik. 1931 uda hartan milaka eta milaka lagun etorri ziren Ezkiora, Euskal Herritik eta Estatu espainiarretik, miraria berriro ikusteko gogoak bultzatuta. Ordura arte –baita ondoren ere– herrian bildutako jendetza handienak izan ziren, garaiko argazkiek erakusten dutenez. Hiru urte geroago, Elizak debekatu egin zituen Anduagako zelaiko jende bilkurak, eta horren ondorioz gainbeheran sartu zen fenomenoa, baina oraindik ere lagun gutxi batzuk jarraitzen dute tokia zaintzen. Egun aterpea dagoen tokia ez da originala, AHTko lanek kokapena mugitzera behartu baitute duela gutxi.
Metro gutxi batzuk bidegorrian egin eta Santa Lutzia auzoko plazatxoan harrizko pikota topatuko du bisitariak. Euskaraz pikotari urka, urkabe edo urkamendi ere deitzen zaio. Europa guztian zabalduak egon ziren, XIII. eta XIX. mende bitartean. Kondenatuei zigorra aplikatzeko erabiltzen ziren, eta baita lapur eta gaizkileak ordu batzuetan bertan lotu, eta jende aurrean zigortu eta lotsarazteko ere. Bitxia da Gipuzkoan kontserbatu diren bi pikota bakarrak elkarrengandik hain gertu egotea. Alegian dago bigarrena, bi kilometro eskasera.
Igartubeiti baserri-museoa
Autoa hartu eta Igartubeiti baserri-museoan izango da hurrengo geraldia. Sobera ezaguna da Igartubeiti eta bertako dolare harrigarria. Bertan sagarra nola jotzen duten eta sagardoa nola egiten, zinez merezi duen ikuskizuna da. Baina hori gabe ere, baserria bera eta bertako txoko guztiak dira ederrak, eta garai bateko bizitza nola zen jakiteko toki ezin aproposagoa; gainera, informazio ugari eta atsegina eskaintzen du bertako gidariak.
Errepidean gora, Ezkioko kaskoa azaltzen da. Hemen ere bada zer ikusirik: XVI. mendeko parrokia edo apaizetxeko pozadera, esate baterako. Pilotan ere egin daiteke, baina hori bai, ezker pareta… eskuin pareta da pilotaleku honetan. Ez dira asko Euskal Herrian bitxikeria hori duten frontoiak. Santa Marinako hilerritik abiatzen da gaurko benetako mendi-bidea. Pistan barrena, kilometro pare bat eginda, Atxurzagako lepoa azaltzen da. Egarria izanez gero bertako iturria baina hoberik ez egarria asetzeko. Ehiza-postuak daude kokatuta lepo osoan, eta udazkenean uso paseak ehiztariak erakartzen ditu. Atseden hartu eta egurrezko borda baten ondotik jotzen da Izazpiko tontorrerantz.
Bi aukera daude 973 metroko mendi hau igotzeko. Bata, bizkarrez bizkar doan pista, Elortxokoa, luzeagoa da eta azkenean dauka aldapa. Bestea, hasiera-hasieratik da pendiz pikoa. Norberak erabaki behar, sasoiaren edo presaren arabera. Nolanahi ere, metroak irabazi ahala, gero eta ikusmira handiagoa begien aurrean: Goierri, Aizkorri, Aralar, urrutira Deba bailarako eta Bizkaiko mendiak… Tontorrean iritsitakoan, Urola Kostako bailara azaltzen da ikusgai, eta eskubi aldean Ernio.
‘Hi halako zazpi’
Jonmikel Intsausti gure gidariak esandako moduan, «Goierriko balkoietako bat da Izazpi gaina. Ez hori bakarrik, neguko egun argitan euskal Pirinioak ere ikusi daitezke hemendik». Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira baten arabera, Izazpik galdetu omen zion Izarraitzi: «Hi, zer haiz?», eta honek erantzun: «Hi halako zazpi!».
Gurutzea hormigoizkoa da eta Pakea ta Maitasuna dauka idatzita zeharragan. 1948an altxatu zuen Zumarragako mendizale talde batek. Gurrutxaga eta Egibide baserrikoek mandoz eraman zuten zama astuna tontorreraino, lan nekoso askoa. Inaugurazio egunean, bertara bildutako lagunek goardia zibil mordo batekin egin omen zuten topo, hogeita hamar bai, leporaino armatuta, baina ez zen ezer gertatu. Gero, ordea… Inaugurazio-bazkaria Zumarragako Antion zeukaten prestatuta. Goardia zibilak hara ere gerturatu. Postrearen orduan, Karlos Linazasoro Altzeta gurutzearen sustatzaileak hitza hartu omen zuen, euskaraz. Goardia zibilaren sarjentua berarengana hurbildu eta oihu egin omen zion: «¡O se calla usted o le pego cinco tiros!». Hau ikustean, On Lorenzo apaizak aurre egin zion guardia zibilari: «¡Si usted es sargento, yo soy capitán!». Zer izango eta, apaiz hori 1936an Francoren armadako kapilau-kapitaina izan.
Kontuan hartzeko
- Otordua egiteko. Gosaltzeko edo bazkaltzeko aukera polita dago Ezkion. Ibilbidearen hasieran Topa taberna-jatetxea dauka ibiltariak; bertako produktuak erosteko aukera ere izango du. Herriko kaskoan, Argindegi Ostatua.
- Ibilbidea luzatzeko. Behin Atxurzagara iritsitakoan, dela goraka edo beheraka, ibiltzeko gogoz geratuz gero Itsasoko Kizkitza edo Mandubia aldera joan daiteke ibiltaria, baita Zumarragako Antiora ere, kontrako noranzkoan.
- Iturriak. Atxurzagako iturria ez da inguruko bakarra. Mutxetegi iturrian du sorburua Izazpierrekak, Ezkio eta Zumarraga arteko mugan. Eustakioren Iturria ere deitzen zaio, Eustakio Artsuagak eraiki zuelako.
- Izazpi ala Izazpe? Izazpiren izenaz eztabaida izan zen orain hamarkada bat. Zenbait argitalpenetan Izazpe erabiltzen hasi ziren, baina Jose Luis Ugartek argitu zituen zalantzak. 1529koa da dokumentu zaharrena. 1833ko eta 1889ko dokumentuetan Argomal de Ysaspi eta Monte llamado Yzazpi esaldiak datoz. Euskaltzaindiak Izazpi onartu zuen behin betirako.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 1,30-2 ordu
- Luzera: 3,3 kilometro
- Desnibela: 545 metro
- Zailtasun teknikoa: Ertaina