Eresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia
Unibertsitateko ikasketen azken urtea Danimarkan egiteko aukera izan nuen Erasmus programaren bitartez. 10 hilabete pasatu nituen bertan, ikasle-etxe batean, beste 8 lagunekin batera. Tira, zehatz esaten hasita, guztira 14 neska-mutilekin bizi izan nintzen, gehienek ikasturte erdia besterik ez baitzuten egiten euren unibertsitatetik kanpo. Guztira 13 herrialdetako ikasleak pasatu ginen 10 hilabetean etxe hartatik: Letonia, Japonia, Australia, Kanada, Frantzia, Irlanda…
Bizilagun berria iritsitakoan, lehenengo galdera «Nongoa zara?» izaten zen beti, eta guztiek herrialdearen izena esaten zuten. Nire erantzuna, berriz, «Gabiriakoa» izaten zen beti. Banekien ez zutela jakingo non zegoen, baina segituan azaltzen nien Espainia eta Frantzia arteko herrialde bateko herri txiki bat zela. Eta amaitzeko esaten nien ezetz, ez nintzela Andorraz ari, Euskal Herriaz ari nintzela. Hilabeteetan zehar, askotan hitz egin nien Gabiriaz, eta azkenerako, izena ere ikasi zutela esango nuke, bakoitzak bere azentuarekin esaten bazuen ere.
Ez ditut ulertzen Derion bizi eta jaio arren, Bilbokoak direla esaten duten horiek; edo Berriozarren jaio, bertako bizilagunak izan, eta iruindarrak direla esaten dutenak. Ni Gabiriarra naiz, eta nongoa naizen galdetzen didaten guztietan horixe erantzuten dut. Koronabirusak apur bat lagundu badigu ere, herri txikietako biztanleok daukagun lasaitasuna, herritarren arteko elkarlana eta haurren jolaserako askatasuna egunero izan behar genituzke ezpainetan, herriaren izenarekin batera. Agian horrela, noizbait, hirietara bizitzera joateari utzi, eta herriei bizitza ematera itzuliko gara.