Egoitz Irizar • Tabernaria eta musikazalea
Zuzeneko musika (eta kultura oro har) demonizatuak daude. Eskandinabiko black-metal edota Asia aldeko punk-apokaliptikoen zaleenak ere, ezingo zukeen horrelako egoera beltz eta ilunik pentsa ere. Martxoaren erdidanik ezin da zenbatu ere, zenbaterainoko musika kontzertu (musika kontzertuak diodanean, era askotako kulturaz ari naiz) atzera bota edo bertan behera gelditu diren.
Aurrekoan zuzeneko musikaren inguruan bizi den jende guztiaz aritu nintzen –oraindik gogoan ditut haiek guztiak, indarra eta nire animo guztiak lagunak!–. Oraingoan gutaz arituko naiz, musika zaleoz, eszenaz edo zuzeneko musikaren inguruan gauden guztion elkartzeaz.
Rocka beti izan da –nere ikuspuntutik, noski!– jarrera kritikoaren erakusle, espresio kontestatarioa eta erreibindikaziorako lekua, eta oraintxe bertan, COVID-19 garaian, hori botatzen dut faltan, eszena bizitzen ari den tratua ikusirik odola sutan jartzen zaidalako Euskal Herrian pilota partida bat edota Espainian zezen plazak lepo, eta gure gaztetxe eta kontzertuetarako guneak nola dauden ikusten ditudanean. Ez dut esango kontzertu klandestinoak antolatzen hasi beharko garenik, garai batetako raveak bezala, baina zerbait egin beharko dugula hau aldatzeko, hemen gaudela erakusteko, bai.
Anpliaren bolumena 10-ean jarri, ta zaratazaleok hemen gaudela erakusteko ordua da.
Keep on rockin’!