Iaz baino turista eta bisitari gutxiago hartu ditu aurtengo udan Goierri beheak COVID-19 izurriaren eraginez. Bisita gidatuek eta Goiturreko telefonora egindako deiek, aldiz, gora egin dute. Tokiko turismoak eutsi die udako datuei.
Ez ohikoa, arraroa, zelebrea. Adjektibo ugari erabil daitezke aurtengo udaren atzera-aurrei buruz hitz egiteko. Jakina zen ez zela aurreko urteetakoa izango, eta hala erakutsiko dute Goierri beheko bederatzi turismo bulegoetan bildutako datuek. Iazkoekin alderatuz, %34koa izan da uztail eta abuztuan gurera etorritako bisitari kopuruaren jaitsiera –11.014 guztira, 4.605 uztailean eta 6.409 abuztuan–, eta bereziki nabarmena da uztailekoa: %50eko jaitsiera, Ordiziako COVID-19 agerraldiak, talde handiak pilatu ezak eta Ehunmilak ultra-traila ez jokatzeak eragindakoa.
Turismo eragileek aurreikus zezaketen halakorik izurriaren hasieran, eta horregatik aritu ziren udaberrian barne turismoa deritzona sustatzen. Eta lan horrek eman du fruiturik. Herrialde guztietako euskal herritarren etorria «nabarmen igo» da aurtengo udan, eta bulegoek antolatutako bisita gidatuetan parte hartu dute. «Gerora begira adierazle hau oso garrantzitsua da guretzat: alde batetik, gure eskualdera lehen aldiz etorri direnak gerora ere etortzeko bidea ikusi dutelako, eta bestalde, etorri diren bisitari hauen bidez ahoz ahoko informazioa zabaldu delako».
Leire Arandia, D’elikatuz eta Idiazabalgo museoa: «Ekainean ikusten genuen panoramarekin uda ‘salbatu’ dugula esan genezake. Dena oso beltza ikusten genuen orduan»
Miren Makatzaga, Igartzako Monumentu Multzoa: «Aurten bisita denak itxi dira. Taldeek ez, banakakoek erantzun dute oso ondo, eta iazko datuak mantendu ditugu»
Goitur agentzia bete-betean aritu da lanean sei hilabeteotan zetorkeen egoera ilun horri argi pixka bat emateko, eta horren izan du bere eragina, onerako. «Goierriko call center-ak –egunero egunsetitik ilunabarrera informazioa eman duen Goiturreko telefonoak– «sekulako harrera» izan du, eta « asko» izan dira Goierrira etorri aurretik turismo gidak etxera bidaltzeko eskatu dutenak. «Eta turismo bulegoek antolatutako bisita gidatuek ere oso ondo funtzionatu dute, eta kasu askotan, taldeak guztiz bete dira». Hori bai, osasun protokoloaren arabera, taldeak hamar lagunetara murriztu behar izan dituzte.
Abuztuan 13.820 gaualdi
Bisitarien jatorriak ohiko argazkia erakutsi du aurten ere. Herrialde Katalanetakoak –Katalunia eta Valentzia– izan dira ugarienak, baita Madrilgoak ere. Ceuta eta Melillakoak ez direla, erkidego guztietako jendea inguratu da Goierrira, nabarmen igoz Aragoi, Galizia eta Asturiasko bisitarien kopurua. Gertutasuna izan daiteke horren arrazoia. Andaluziatik etorritakoen kopuruak ere gorantz egin du aurten ere. Ifrentzua Europako herrialdeetako turisten jaitsiera handia izan da, %24tik %4ra. Frantzia, Belgika, Alemania eta Herbereetako turistak etorri dira batez ere. Hiru-lau gau igaro dituzte batekoz beste, baina izan dira 7-8 eguneko egonaldiak egin dituztenak.
Horixe izan da gaualdien jaitsieraren arrazoi nagusietako bat. Ostatu hartzeetan «gorabehera asko» sumatu ditu Goiturrek. Ekaina baikor hasi zen, uztailean «kantzelazio asko» izan ziren, eta abuztuan ere izan ziren alde batekoak eta bestekoak. Abuztuan %72ko okupazioa izan dute landetxe eta nekazalturismoek, %64koa hotel eta pentsioek. Azken horietan «irregularra» izan da okupazioa, %30 eta %85 artean. Denera 13.820 gaualdi izan dira abuztuan.
Bisita gidatuei esker, eutsi
«Ekainean ikusten genuen panoramarekin, uda ‘salbatu’ dugula esan genezake. Dena oso beltza ikusten genuen orduan». Ordiziako D’elikatuz eta Idiazabal Gaztaren Museoa kudeatzen duen Erro kooperatibako Leire Arandiak, bi aldi bereizi ditu Ordiziaren kasuan. «Uztaila oso eskas joan zen, eta abuztua hobeto, baina ez da izan beste urteetakoa. Ordizian azokak dauka tiradizoa. Donejakue Bideko kredentzialak eta Gipuzkao Passport-a jasotzera, hala ere, «jende dezente» inguratu zaie. Idiazabalen, berriz, uztailean «erdira jaitsi» ziren, baina abuztuan «iazko datuetara iritsi» dira. «Idiazabalen kasuan gaztak dauka tiradizoa, eta iazko datuetara iristeak harritu egin gaitu. Potentzial handia dauka, aprobetxatu beharrekoa». Gaztaren Ibilbidea, aldiz, ez du jende askok egin, Tolosako Zumardiakoek antolatutako taldeak ez direla.
«Aurten bisita denak itxi dira. Taldeek ez, banakako jendeak oso ondo erantzun du, eta iazko datuak mantendu ditugu». Aldabe kooperatibako Miren Makatzaga «gustura» dago Igartzan uztail-abuztuan izan duten mugimenduarekin, monumentu multzoa bisitatzera joan direnen kopurua %39tik %67ra igoz. Balio beza aurtengoak argia ilunetan hobeto ikusten laguntzeko.