Ane Insausti Barandiaran • Hegitik begira
Eta zuk? Ze plan hemendik aurrera?». Isiltasuna. Batzuetan, irribarre behartu baten atzetik, txantxa bat: «Nini bat naiz orain». Algara pare bat, eta aurrera. Beste batzuetan, krisi existentziala estali gabe, «ez galdetu», edo bestela, «ba ez dakit, orain lasai hartu, eta ea zerbait ateratzen den».
Hezkuntza formala ardatz, aukeratua zirudien norabide arautu bat jarraituz bizi izan gara beti. Eta hori bukatzean, lan munduaren zurrunbilo amaigabera jauzi egiteko garaia dela irakatsi digute, ezinbestean. Ziurgabetasuna eta prekarietatea, beti(ko) bidaide.
Aldiz, ez digute irakatsi guretzat denbora hartzen, zer sentitzen dugun ulertzen edo bizitza betiko estandarretatik harago planifikatzen. Ez da erraza, «eta orain, zer?»-aren mamuak irensten baikaitu helmuga edo etapa bat bete orduko. Gradua amaitzean, nola egongo zara ba masterrik edo lanik egin gabe, hots, «ezer ere egin gabe?».
Ez digute irakatsi ez dela txarra ezer ere ez egitea. Are, beti egiten dugula zerbait ikasteaz edo lan egiteaz gain, balio bera aintzatesten ez bazaio ere. Izan ere, guretzat denbora hartzea ere beharrezkoa da, eta ez gara errudun sentituko behingoz gure bizitza erdigunean jarri, eta pausoz pauso eraikitzeagatik. Noizbait.