Amaia Zabaleta • Lanbroa belardenda (Zumarraga-Legazpi)
Gizakia ez dago soilik gorputz fisikoaz osatua; badauzkagu beste gorputz batzuk, energetikoki azkarrago bibratzen dutenez, ez ditugunak hain argi sumatzen. Gorputz mentalak eta emozionalak ere euren beharrak dituzte eta ez baditugu behar horiek asetzen, alde batetik elikaduraren bidez konpentsatu beharko ditugu, eta bestetik, gorputz fisikoan (organo eta erraietan) gabeziak sortuko dira.
Elikadurari dagokionez, adibidez, geure barnean geldialdia, gogortasuna, tentsioa edo presioa sentitzen badugu (yang energia duten emozioak, barnerakoa eta beheranzkoa), puntako yin energia (kanporanzkoa eta goranzkoa) duten elikagaiekin konpentsatzea eskatuko digu gorputzak; hala nola, azukrea, txokolatea, alkohola, zuku tropikalak, esnekiak… Elikagai horiek hain energia hedakorra dutenez, geure errealitatetik ihes eginarazten digute, arazoei aurre egin beharrean.
Gorputz fisikoari begira, medikuntza txinatarrean oso ondo definitzen da gure barnean sortzen den emozio bakoitzak zein organotan eragiten duen:
- Gibelean eta behazunean, haserrea, amorrua, indarkeria, autokontrol eza, pazientzia eza…
- Bihotzean, gauzak nahi izateak sortzen duen antsietateak eta heste meharrean kezkek sortutako antsietateak.
- Estomagoan, ardura gehiegi edo gutxiegi edukitzea (batez ere lan eta ikasketa arloetan). Barean diru kontuen obsesioak eta pankrean afektu kontuen obsesioak (zeloak, segurtasun ezak…).
- Biriketan, tristurak besteekiko erlazioekin zerikusia duenean eta heste lodian tristurak geure buruarekin zerikusia duenean.
- Giltzurrenetan beldurrak eragiten du, batez ere bikotearen edo lanaren ingurukoak eta puxikan ere bai; baina etsipenez beldurtzen garenean, hau da, gauzak beti norberak nahi duen moduan irtetea nahi dugunean.
Horrela, adibidez gibeleko gaitzen bat dugunean, asta-kardu (cardo mariano), orburu edo errefau beltz landareekin egindako konplexuren bat hartzeaz gain, ondo legoke gure haserrea kudeatzen ikastea. Aldiz puxikako gaitzen bat dugunean, azeri buztan, urki edo otso mahatsa erabiltzeaz gain, bizitzari aurre egiteko beldurra gainetik kendu beharko genuke.