Bokazioa da irakaskuntza Irati Garmendiarentzat (Ordizia, 1994). Haur Hezkunzako irakaslea da Itsasondoko Herri Eskolan. Hezkuntzari buruzko bere proiektu pertsonala ere garatzen ari da. ‘Erraietatik, hazitik kimura’ du izena eta haren helburuetako bat da haurrentzat euskarazko eskola materiala sortzea eta partekatzea.
Irakaskuntzan lan egiten duzu. Bokaziozko lana al duzu?
Erabat! Umez inguratzea gustuko dut. Txikia nintzenean, nire amari esaten zioten, hazterakoan irakasle izango nintzela. Institutu garaian, azkar aukeratu arazi ziguten ibilbidea, eta horrek bere alde onak eta txarrak izan ditzakeen arren, nire kasuan, garbi izan nuen irakaskuntzan sartu nahi nuela. Baita haur txikiekin lan egin nahi nuela ere. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nuen magisteritza, Donostian. Ikasketak bukatu eta oposaketak egin, gainditu eta harrezkero lanean nago.
Zuk zeuk garatu duzun proietua jarri duzu martxan. ‘Erraietatik’ du izena. Nola sortzen da?
Erraietatik sortzen den proiektu pertsonal bat da. Koronabirusa dela-eta izan genuen itxialdian jaio zen. Betidanik gustatu izan zait nire lanbidea, benetan bokazionala da nire kasuan. Haurrekin asko ikasten dut nire egunerokoan eta eurekin lan egiteko moduaren inguruan asko hausnartzen dut. Hausnarketa hauek nire lankideekin eta senideekin partekatzeko beharra sentituta sortzen da espazio hau.
Zein da helburua?
Euskarazko materiala sortzea, jendeak eskuragarri izan dezan. Idaztea oso gustuko dut, eta bestalde, egunerokoan aurkitzen dudan gabezia bati erantzuteko beharra sentitzen dut. Hezkuntza arloari lotuta, artikulu asko eta material manipulagarri asko aurkitu daiteke Interneten, baina gazteleraz, batez ere. Egia da eskoletara joaterakoan, eta haurrentzako materiala sortzeko, guk euskaratu eta egokitu behar izaten dugula, euskaraz material gutxi dagoelako, eta horrek denbora handia eskatzen du.
Nik, normalean Power Point bidez sortzen dut materiala, eta ondoren inprimatu eta plastifikatu, gero haurrek espazio desberdinetan erabiltzeko. Hizkuntza, matematika, eta beste alor batzuk lantzeko sortuak dira. Eta esan bezala, guztia euskaraz, uste dudalako beharrezkoa dela horren aldeko apustu sendoa egitea.
Gainera, haurrengana hurbiltzeko helburuarekin ere sortu dut txoko hau, non material manipulagarria jartzen dudan eskuragarri, helduek hartu eta haurren eskuetan jar dezaten. Eskoletan bakarrik ez, etxeetan gurasoek ere nahi izaten dutelako horrelako materiala erabili.
Azkenik, iruditzen zait partekatzeko lan bat egin behar dugula, laguntza eskainiko badu.
Beraz, webgunean eskuragarri dago material hori, ezta?
Bai, hori eta gehiago. Interesekoak izan daitezkeen hainbat gai jorratzeko ere baliatzen dut webgunea. Adibidez, egokitzapena. Une honetan, Koronabirusak eraginda, ezin da eskolara iritsi berri diren haurren egokitzapena lehen bezala egin, une honetan gurasoak ezin baitira geletara sartu. Horrek izan ditzazkeen ondorioak, nola egin dezakegun egokitzapen hori errespetuzkoa izan dadin, eta beste ikuspegi batzuk biltzen dituen argitalpen bat idatzi dut.
Lau bloke ditu webguneak: ‘ikasi’ deitu dudana, non argitalpen desberdinak aurki daitezkeen; ‘irakurri’, non gomendatzen ditudan hainbat liburu edo interesgarriak diren hainbat artikulu; ‘kontatu’, non haurrentzako ipuinak kontatzen ditudan bideoak ikus daitezkeen; eta ‘sortu’, material manipulagarriak biltzen dituen atala.
Partekatzeko lan horretan, irakaskuntza publikora sartzeko oposaketa prozesuan lagungarria izan daitekeen materiala ere eskugarri jarri duzu, zuk zeuk sortuta.
Erraietatik proiektuaren barruan ez nuen gai horren inguruan ezer sartzeko asmorik, baina sare sozialen bidez jende askok galdetzen zidan oposaketen inguruan. Interesa zegoela ikusita, gai horri hainbat argitalpen eskaini nizkion. Lau bideo egin nituen, oposaketetako atal bakoitzeko bana, eta nik erabilitako materialak gehitu nituen.
Dena den, nik beti azpimarratzen dut, hau nire esperientzia dela, ez dela egia absolutu bat, eta niri funtzionatu izanak ez duela esan nahi beste pertsona bati funtzionatuko dionik, garatu beharreko probak direlako, ez test modukoak. Gainera, uste dut, oposaketen prozesua oso injustua eta subjektiboa dela. Goitik behera aldatu beharko litzateke, baina hori, beste gai bat da.
Pixkana-pixkana ikuspegi desberdinak gorpuzten doaz proiektu honen baitan. Ideia gehiago txertatzeko asmorik baduzu?
Zaila da esaten honek guztiak nora eramango nauen, baina proiektu honekin aurrera jarraitzea da asmoa. Orain arte bezala, interesa sortzen didaten gaien inguruan idazten jarraituko dut, nahi dudalako haurrengana iritsi, eta haurrengana iristeko, haiekin dauden helduengana iritsi behar da lehenik.
Baina bai esan dezaket, harritu nauela, xumetasunetik abiatutako proiektu honi jendea ematen ari zaion erantzunak. Sare sozialek mundu handi bat ireki didate.
Adibidez?
Instagram bidez, zuzeneko saio bat egiteko proposamena egin dit Urrumak. Urrumaren atzean Nerea Bordagarai dago, haur eramaileen hezitzailea, edoskitze aholkularia, dolua eta gestazio eta perinatal doluan bidelaguna dena. Nirekin kontaktatu zuen elkarrekin zerbait egiteko asmotan. Oraindik ez dago gauza handirik zehaztuta, baina ziur proiektutxo polit bat aterako dela! 0-6 urte bitarteko etapan zentratuko gara, eta haien beharrak, garapen etapak, eta prozesuak lantzea da asmoa.
Frente ugari dituzu zabalik…
Baita gehiago ere. Batetik, lagun bat animatu nahian nabil, generoaren inguruko master bat egin duena, gai hori haurrengana iristarazteko materiala sortzeko. Uste dudalako eskoletako geletan behar-beharrezkoa dela, haurrek generoa nola deskubritzen duten lantzea, eta helduak formatzea.
Ipuin bat ere egin duzu.
Bai eta argitaratu nahian nabil orain. Ipuina sortzearen ideia, etxean bizi izan dugun zerbaitek eman zidan. Bularreko minbizia izan du amak eta ondoren, amonak. Biak ondo daude, baina kolpe handia izan zen. Ikaskuntza prozesu bat ere izan da. Gainera, oposaketak prestatzen ari nintzen garaian gertatu zen amarena. Buruari bueltaka, pentsatu nuen gai hori ez dela Haur Hezkuntzan jorratzen. Badirudi, helduei gertatzen zaien zerbait dela bakarrik, eta haur askok, etxean bizitzen dute, amari, amonari, izebari minbizia detektatu diotelako. Gaixotasunaren prozesuan, gertatzen dira gauza fisikoak; ilea galtzen da, bularra gal daiteke….eta hori guztia haurrentzat kolpea da, fisikoa baita eta ikusi egiten da. Hau guztia geletan txertatzea pentsatu nuen..
Horrela, Biko-Teka tailerrean parte hartu nuen. Galtzagorri elkarteak, Iruñako udalaren laguntzarekin antolatutako ekimena da. Elkartzen dituzte idazle hasi berriak eta ilustratzaile hasi berriak eta ematen dizute beka bat astebeteko formakuntza egiteko.
Ane Arzelus ilustratzaile donostiarrarekin jarri ninduten bikote. Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak gidatu zuten formakuntza. Hor garatu genuen geure ipuina, gure album ilustratua, non Kattalinek bere ahotsetik kontatzen duen amaren minbizia. Irudietan ikusten da xomorroa, nola bizi den titian, eta zer egiten duen. Tailerra amaitu eta Etxepare sarietara aurkeztu genuen lana. Ez genuen lortu saiakera hartan, eta orain helburua da, argitaletxeren batek, gure lana argitaratzea.