Berni Altuna Legorretan jaio zen eta Itsasora ezkondu zen. Bertako ostatuko arduraduna izana da eta baita Urretxuko arraindegi batean lan egindakoa ere. Erizain laguntzaile ikasketak egin zituenez, Segurako adinekoen egoitzan lan egin zuen. Ondoren, oposaketak egin zituen, eta egun, Donostiako Ospitalean lan egiten du.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Mendian ibiltzea. Ia egunero Kizkitzara edo Mandubiara joaten naiz. Batzuetan Atxurtzara ere bai. Itsaso toki zoragarria da mendian ibiltzea gustatzen zaionarentzat.
Zer gosaltzen duzu?
Ogi xigortua kafesnearekin.
Pelikula bat?
Handia. Hainbat eszena Itsason grabatu zituzten.
Liburu bat?
Hijos del ancho mundo.
Abeslari bat edo musika talde bat.
Benito Lertxundi asko gustatzen zait. Eta oso Egan zalea izan naiz.
Abesti bat?
Txoria txori. Oso polita eta sakona da.
Kolore bat.
Ardo kolorea.
Oporretarako toki bat.
Ia beti Portugalera joaten gara. Dagoeneko nahiko ondo ezagutzen dugu. Aurten Aveiron egon gara. Portugaleko Venezia deitzen diote.
Goierriko txoko bat.
Txindokiko magala.
Zerk eragiten dizu barrea?
Edozein tontakerik. Oso irribartsua naiz.
Zein da jaso duzun opari bereziena?
Alaba.
Itsasoko alkate bazina, zer egingo zenuke?
Ostatuari logelak jarriko nizkioke eta parke txiki bat egingo nuke haurrentzat.