Joxe Begiristain • Euskara teknikaria
Asko kostatu zait liburu bakarra aipatzearen egokierari heltzea. Azkenaldian argitaratutakoen artean asko dira ikaragarri bete nautenak, nire ustez gomendagarriak diren liburuen bila, lehenago idatzitakoen artera jo beharrik gabe.
Amets Arzallus Antiak eta Ibrahima Baldek elkarrekin idatzi duten Miñan eleberria irakurtzeko gonbita dakart. Ibrahimak halako batean zera dio Ametsi: «Inoiz, etxera itzultzen banaiz, eta ama eta arreba txikiak han badaude, kontatu nahiko nieke zuri kontatzen ari naizen guztia».
Nik, hemendik, kontu horiek guztiak jakitea komeni zaigula ziurtatzen dizuet. Fikzioa irakurzale bazara, biografiak badituzu gustuko, edo kronikak, saiakera… Berdin dio: guzti-guzti horietatik zerbait (edo asko) duen liburua da Miñan. Ibrahima Balde, Afrika mendebaldean dagoen Ginea estatuko 26 urteko gaztea, bere anaia txikiaren (Miñan, bertako hizkuntzaz) bila abiatu eta etorkina da gure artean. Amets Arzallusekin egin zuen topo halabeharrez, Irungo Harrera Sarean. Eta, gu guztion lotsarako, egunero-egunero jaioterritik eskapo alde egiten dutenen (eta hiltzen diren edo erailtzen ditugun) bizialdi nekezeko milaka eta milaka pertsonen larruan sentiaraziko gaitu liburuak.
Duela bost urte, Turkiako hondartza baten topatutako Aylan Kurdi 3 urteko mutiko siriarraren gorpuaren irudiak astindu zituen gure kontzientziak: bera ere bizimodu duin baten bila zekarren familiak gure artera. Orduan Aylanek beste era batera kontatu ziguna, antzeko era gordinean ezagutu dezakegu orain, aurrez aurre, Ibrahimaren bidez.
Literatura gustuko dugunon abantailetako bat da hori. Bizitzaz (beraz, baita heriotzaz ere) patxadaz hausnartzeko aukera. Ibrahimak Miñan aurkitu ezinak, guztionak diren anaia-arreba ugari jarri dizkigu begi-bistan.