Ione Matarranz (Beasain, 1997) irudi pertsonalarekin eta hezkuntzarekin lotutako goi-mailak ikasi dituen ekintzailea da. Bere denbora librean bitxiak egiten ditu.
Zer da Bitxilore?
Bitxilore proiektu txiki bat da, baina geroz eta gehiago hazten hasia dagoena. Eskuz egindako osagarriak saltzen ditut, eta egun, Bitxilore nire deskonekxio bidea da. Uda honetan modan jarri diren lepokoak egiten jarri nintzenean, munduaz deskonektatzen nuela ohartu nintzen, eta lan egiterako orduan, nire irudimena nahi dudan bezala landu dezakedala ikusi dut. Diseinu desberdinak, material ezberdinekin egitea; jendearen eskaerak entzun eta maitasun guztiz egitea, jendea nire proiektutxo honen parte hartzaile egitea… Niretzako gaur egun hori da Bitxilore.
Nola sortu zen proiektua?
Modan jarritako lepoko horietako bat nahi nuen, eta bila ibili ondoren, erosketa eta bidaltzeko gastuak medio, lepokoak oso garestiak ziren. Burugogorra naizenez, bila jarraitu nuen eta beharrezko materiala topatu nuen Interneten. Erosi eta etxera iristerakoan mila bola baino gehiago nituen. Lepoko bakarrerako bolatxo gehiegi ziren. Lagunen artean banatzen hasi eta saltzen amaitu dut.
Nolako garrantzia du Instagramek?
Instagrama proiektuak aurrera eramateko ezinbesteko erreminta iruditzen zait. Bitxilore Instagram gabe, egun ez litzateke den proiektua izango. Bertan, egiten ditudan diseinu eta produktuak erakusten ditut, jendearekin hitz egiten dut, jende berri asko ezagutu, Euskal Herriko sortzaileen berri izan…
Nolako eskariak egin daitezke?
Egin daitezkeen eskariak guztiz pertsonalizagarriak dira; lepoko, pultsera edo musukoei buruzko mezu bat Instagrametik idatzita, nire erantzuna jasoko duzu. Beharrezko informazioa (katalogoa, bolen tamainak eta koloreak…) bidali, eta hortik aurrera, bezeroak aukeratzen duena egiten dut. Nonahi bidaltzen ditut eskariak. Egun grisak datoz orain, baina osagarri hauei kolorea ez zaienez falta, elkarrizketa honen baitan presente egotea nahi dut: Udazken eta negu honetan, jarri bitxilore .