Zuzeneko ikuskizunetan lan egiten duten pertsonek ahotsa altxatu dute, haien eskubideen defentsan.
Kulturaren arloan lan egiten duten teknikariak, ikuskizun, ekitaldi eta arte eszenikoetako langileak batik bat, mobilizazio ikusgarriak egiten hasi dira Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, berez prekario den sektore horrek, pandemiaren ondorioz, bizi zuen egoeraren larritasuna bistaratzeko. Iragan astean, ekitaldi eta ikuskizunen sektoreko profesionalak batzen dituen Alerta Gorria mugimenduak deituta, eraikin enblematikoak gorri kolorez argiztatu zituzten. Manifestazio jendetsuak ere ikusi dira han eta hemen. Pandemiak egoera are prekarioagoan utzi ditu sektore horretako langile asko. Hil ala biziko egoeran daudenez, administrazioei eskatzen diete sektore honen etorkizuna bermatzeko neurriak har ditzan. Sektorea ondo ezagutzen duten pertsonen iritziak bildu ditu aldizkari honek dituzten aldarrikapenei ahotsa emateko.
Berri Txarrak, Belako, Boikot eta beste hainbat talderekin biran ibilia da Iban Zubeldia ordiziarra. Dena utzi zuen benetan nahi zuen hortan lan egiteko. Argi teknikaria da, ikuskizun bat borobiltzeko klabea dena. Urte asko egin ditu zuzeneko ikuskizunetan lanean, «%80a gutxi gora behera». «Oso gustuko» du bere lana, baina jendeak uste baino «gogorragoa» dela ere esan du: «Furgonetan ordu pila bat, eguneko ordurik okerrenetan iristea Alacant, Valentzia edo beste edozein tokira, materiala deskargatu, guztia muntatu, argiak programatu, soinu frogak egin, zerbait jan edo afaldu, inguruko hotel batean gaua pasa, edo guztia jaso eta berriro furgonetan sartu beste hiri batera iritsi behar dugulako han berriro guztia muntatzeko, 10 ordutik gorako lanaldiak, lana eta familia bateratzeko arazoak,…». Lana da, noski!, bokazionala edo bizi estilo bat dela ere esan daiteke, baina lana.Bokazio izateak eta erregulazio ezaren ondorioz gainera «lan baldintza onartezinetan lan egitera eraman gaitu sarri, prekarietatea errotuz».
COVID-19ak eragin duen egoera honetan zuzeneko kontzertuen, jaialdien edo bestelako ekitaldien %80 bertan behera geratu dira. Une honetan zuzeneko edozein ekitaldi antolatzeko bete beharreko baldintzek ere ez dute laguntzen. Eta pixkana-pixkana ekitaldi batzuk antolatzen ari direla dirudien arren, Zubeldiaren ustez «ez da oso erreala».
Teknikariok sindikatua
Euskal Autonomia Erkidegoan sektorean lan egiten duten 7.000 inguru pertsonen eskubideak bermatzeko intentzioarekin lanean ari da Teknikariok sindikatua. Rigger-ak, sastreak, bideoa, erregiduria, iluminadoreak, muntatzaileak, laguntzaileak, sonidistak, eta produktoreak biltzen ditu, besteak beste. Helburu nagusia da «sektorearen erregulazioa, lan eskubide ezarekin zein prekarietatearekin amaitzeko». Uste dute horretarako «tresna enpresa kontratatzaileekin hitzarmen kolektiboa negoziatzea dela, eta hau kolektibo bezala egin behar dela, batasuna eta ahots propioa inoiz baino garrantzitsuagoak izanik».
Zubeldia bera ere guztiz bat dator Teknikariok sindikatuaren helburuekin, uste baitu helburu horiek lortzeadela sektoreari laguntzeko bidea: «Lehenik eta behin, hitzarmen kolektibo bat lortzea gutxiengo baldintzak batzuk jartzea beharrezkoa delako, baita lanaren identifikazioa ere, guztiz beharrezkoa dira biak». Hitzarmen kolektibo bat egitea, «lanaldia, ordutegia, atsedenaldiak, oporrak eta soldata-taulak arautzeko balioko du, gure lanean. behin-behinekotasuna, ezorduko ordutegiak, lanaldi amaigabeak egunerokotasunean bizitzen ditugulako».
Euskal Autonomia Erkidegoan 7.000 inguru pertsonek lan egiten dute ikuskizun, ekitaldi eta arte eszenikoetakoetan
Sektoreko enpresa garrantzitsuenek aurreikusten dute 2022rarte ez dela normalizatuko egoera
Bestalde, autonomoen kontratuak errealitate bihurtzea behar-beharrezkotzat jotzen dute. Gai honen inguruan ere mintzatu da Iñaki Vierbücher soinu teknikari eta musikari legorretarra: «Egun bateko kontratuak dira asko». Kontatu du, sektore honetan lan egiten duten pertsonentzat, apirila eta urria bitarteko hilabeteak direla lan karga gehiagokoak. Arazoa da, autonomoen kasuan batez ere, martxoan alarma egoera ezarri zenean, altan eman gabe harrapatu zituela asko eta kasu horietan laguntza ekonomikoak jasotzeko arazo dexente dute; eta gainera, uste du, egoerari aurre egiteko dauden laguntzak ez direla nahikoa. Arrazoi horregatik, «lankide asko dira beste sektore batzuetan lana bilatzen ari direnak», nabarmendu du.
Gainera uste du zuzenki lotuta daudela laguntza nahikoa ez izatea kate produktiboa ez elikatzearekin: «Ez zaio benetan duen baloioa ematen sektore honi, ez delako zerbait fisikoa sortzen, elikatzen dute jendearen bihotza, espiritua, eta badirudi, ditugun gobernanteek ez dutela ulertzen norainoko garrantzia duen horrek, horrez gain, kontutan hartu behar da jende askorentzat bere ogibidea dela».
Legorretarrak uste du, «beste sektore batzuetan baino oztopo gehiago» dutela lan egiteko. «Beste sektore batzuetan bezala, sektore honetan ere, egoerak eskatzen dituen baldintza guztiak beteta lan egin daiteke, eta sarri, eskatzen direnak baino neurri gehiago hartzen dira, benetan toki seguruak sortzeko, baina kriminalizatuta dago sektorea, eta zer esanik, gaueko aisiari dagokionez, ez dezagun ahaztu, eta agian errepikatzea da, jende askok ogibide duela, diot, ezagutzen dudalako jendea, kilometro mordoa egin ondoren, tokian bertan komunikatu diotenari ekitaldia bertan behera geratzen dela».
Gauzak horrela, sektorea noiz berreskuratuko den da langile askoren kezka. Enpresa garrantzitsuenek aurreikusten dute 2022rarte ez dela normalizatuko. Ez ditu gauzak hain argi Vierbücher. Uste baitu hori baino luzeago joango dela, eta gainera, neurri asko geratzeko iritsi direla.
Ordiziarrock jaialdia egingo dute 23-24an
Une honetan, albiste pozgarria da Ordiziarock jaialdia egingo dela jakitea. Hala iragarri du jaialdiaren antolakuntzan lanean ari den Urko Ruiz de Apodakak. Esan duenez, «konfinamendua ezarri zenetik lanean» ari dira. «Egoera berezia bada ere, eta hortara egokitzeko esfortzu gehigarria eginda, jaialdiarekin aurrera jarraitzen dugu». Erabaki honekin, «sektoreri babesa eman eta egoera honetan ere ekitaldiak egin» daitezkeela erakutsi nahi dute, «neurriak hartuta kultur ekitaldiak ere seguruak izan daitezkeelako»
Gauzak horrela, datorren urriaren 23an eta 24an ospatuko da Ordiziarrock, segurtasun protokolo zorrotza beteta. Bertan izango dira Sua, Viva Belgrado, Kokein, Dupla eta Zea Mays.