Ordura arte herrietan ohiko banda eta orkestren lekua bestelako doinuek hartu zuten 80ko hamarkadaren hasieran. Garai haren lekuko izan zen Beasaingo Burbuil taldea. Atzerritik zetozen rock doinuak zituzten gustuko, eta Rolling Stones, Dr. Feelgood edota Rory Gallagher bezalako musikarien abestiak jotzen hasi ziren. Tarteka, baita euskal musikari eta taldeen abestiak ere. Ruben Arbizuk, Patxi Atxak, Jose Miguel Gonzalezek, Pedro Luis Urangak eta Pello Irizarrek osatu zuten boskotea. Gehienek musika ikasketak zituzten, eta beste talde batzuetan aritutakoak ziren ordurako.
Hasieran dantzalekuetan jotzen hasi ziren, beraien ekipoa erosteko dirua egin arte. Gero herririk herri aritu ziren jotzen, Goierrin ez ezik, Azpeitian, Andoinen, Pasaian, Oñatin, Gernikan edota Otsagabian jo zuten, besteak beste. Beasaing Udalak kontratatuta, plazapean ere jo izan zuten igande arratsaldeetako dantzaldietan.
Taldeak hainbat aldaketa izan zituen, eta Pedro Carrasco, Zeles Aranburu, Josu Alonso eta Miguel Caballero ere pasa ziren bertatik. 1986an banatu zen taldea eta askok beste talde batzuetan jarraitu zuten.