Amak esan izan ohi dit harrituta geldituko nintzatekeela gizakiaren ahazteko ahalmenaz. Inuzente xamarra naiz batzuetan. Beti izaten dut gauzak aldatuko direnaren esperantza txiki bat. Eta bai, denborarekin aldatzen dira, baina gehienetan, ez hobera, okerrera baizik. Batzuk diote gauzak ahaztea jakinduria dela. Ahazteko, aurretik ezagutza bat izan behar omen da, zerbait bazenaren kontzientzia izan behintzat. Martxoan denon ahotan ziren hitz ugari: enpatia, esker ona, borondatea, errespetua, maitasuna, umiltasuna…
Urrian sartu gara, ez da urterik ere pasa eta betiko leloaren betiko lelora itzuli gara, berekoikeriara. Ez dut ulertzen jende klase horren burutan zer dabilen. Okindegian elkartu eta egun onik ematen ez dutenak, bereari begira dauden mutur handiak, norberaren irabazia besteen ongizatearen gainetik jartzen dutenak… Lehenengo pertsonan eta singularrean bizi diren villanoak.
Zalantzan jartzen dut, hauek martxoan erabilitako hitzen balioa ulertzen duten, mingainaren puntatik barrurago ere ez zaie sartu hitz horren letra bat ere. Dena itxurakeria izaten baitute horrelakoek. Ni, neu, neurea, niregatik eta niretzako. Egunen batean ezagutuko al dute behintzat pluralaren edertasuna… eta ez, ez naiz gramatika kontuaz ari. BAIKOmeriak gure inguruan, martxoko hitzen antonimoetara itzuli gara, ez da gauza onik. Covidaren txertoa bilatzen dutenean (eguna iristen bada) zientzialariak hasiko ote dira, errespetuaren alorra ikertzen? Asko, ziztada horrexen beharrean dira eta… Nik, argi daukat, plurala ulertu, zabaldu eta bizi nahi dudala. Zaila izango da gizartea aldatzea. Baina zaila bada, ez da ezinezkoa.