Joxe Mari Telleria • Idiazabal
Argazki honetakoa neu naiz, trizikloan motorista moduan eserita eta pilotalekuan. Ezker hormarik gabeko pilotalekua txiki-park kuttuna zen guretzat, pilotaleku, txirrindu-pista, futbol-estadioa, sokasaltorako aproposa.
Ezker hormarik gabeko pilotalekua zen Idiazabalgoa. Gure txiki-park kuttuna, pilotaleku, txirrindu-pista, futbol-estadioa, sokasaltorako aproposa. Osaba eta lehengusua Murchante edo Tafallatik etortzen ziren egun euritsuetan, toldo lodi-lodi hura pilotalekuan zabal-zabal jartzen genuen ateri zegoenean, eguzkiarekin hobeto lehortzeko. Herri txikietako ohiturak ziren.
Igande eguerdietan gazte talde batek, beti berdinak, gomazko pilota batekin pala partida jokatzen zuen. Atze-atzeraino iristen zen pilota, ia Unsain etxeraino. Elizara bidean zihoazenak ikusle, pilotariak eta ezker hormaren ordez, N-1 errepidean pasatzen ziren kotxeak… A ze saltsa! Giro ederra sortzen zen!
Sanblasetan barrakak
Sanblasetan, askotan, elur zuriz estaltzen zen gure pilotalekua. Orain baino elur gehiago egiten zuen. Bertan, autotxokeak eta gaineratiko barrakak prestatzen zituzten. Barrakazaleak euren etxe ordeetan komunik ez zeukatenez, gure tabernako «pulsozko» komunera etortzen ziren. Etxekoak bezala ziren, oso ondo gogoratzen dut: tiobibo edo autotxokeetakoak doan ibiltzeko fitxak oparitzen zizkiguten gero.
Ah, ezin ahaztu gure pilotalekuaren inguruan zeuden etxeak. Orduko udaletxea zen frontisa. Eskubian, metalezko sarez babestuta, Floreaga. Uharka-Ondo atzeraxeago, gure etxea. Eta Torre Unsain, etxe bikaina.
Azkeneko honekin oroitzapen bereziak ditut. Bertan Periko eta Luzia bizi ziren. Guretzat tio Periko eta tia Luzia. Andreak futbola gorroto zuen. Joko itsusia omen zen, pilota, berriz, oso polita. Nire ustez arazoa zen porteria bat frontis ondoan izaten zela, eta bestea Unsain etxearen aurre-aurrean, eta noizbehinka baloi galduren batek bertako begiratokiko kristalen bat puskatzen zuela.
Argazkitik ihesi
Hauek dira gure pilotalekuko oroitzapen batzuk. Argazki honetakoa neu naiz, trizikloan motorista moduan eserita eta pilotalekuan. Gogoan dut amak esaten zuela, argazkiren bat atera behar zidatela esan orduko ihes egiten nuela!