Arimen Gaua edo Gau Beltza aspalditik ospatu izan da Euskal Herrian, Europan zehar bezalaxe. Urriaren 31ko ilun sentian eta gauean, hilak gogoratzeko festa-usadioa zen. Badirudi Goierri aldean 1950-1960 bitartean galdu zela ospatzeko ohitura, eta ahazturan erori zen. Neguko lehen festa zen, eta errondan ibiltzea zuen hark ere osagai bat.
Festaren barruan, beldurra eragitea zen funtsa. Kuia edo kalabaza buruak mamiz hustu, barruan kandela edo zuzi bat jarrita argitu, aurpegi-forma emateko zuloak ireki, eta bide ertzean edo bidegurutzeetan jartzen zituzten. Arima errariak bidegurutzeetan azaltzen zirela zioen aspaldiko sinesmenak.
Aurreko mendi erditik aurrera, beste belaunaldi batek bakarrik iraun zuen Arimen Gauko ohiturarekin, haurrengan batez ere. Oraindik gogoan dute askok arbi buruak hustuta –kalabaza ez zen baserri guztietan ereiten– beldurra eragiteko jartzen zituztela. Baina ordurako jada jatorrizko zentzua galduxea zeukaketen, ez baitzuten urriaren 31n egiten –arbia biltzen Gabonetatik aurrera hasten da–. Santu Guztien inguruarekin loturarik ere ez zuen jada; Gaztainerre festa mantendu zen, aitzitik.
Orain sei-zazpi urte iritsi zen AEBetatik Halloween festaren haizea; bokazio merkantilista hutsez eta supermerkatu handiek bultzatuta askotan, mozorrotzen hasi ziren han-hemenka. Bertako ohiturarekin gogoratu ziren orduan beste batzuk, eta Gau Beltza berreskuratu duten herriak geroz eta gehiago dira: Pasaia, Andoain, Oiartzun, Aretxabaleta, Mutriku, Lekeitio, Agurain, Areatza, Ondarroa…
Gau Beltzaren ikastaroa
Euskaltzaleen Topaguneak berriki Gaubeltza.eus webgunea sortu du. Dokumental bat ekoitzi eta Itzalitako kalabazen piztea lan etnografikoa ondu zuten ohitura azaltzeko, eta aurten ikastaro bat antolatu dute urriaren 31ko ospakizunari jatorrizko izaera itzultzen erakusteko. «Herriz herri, bakoitzak bere izaera eta ezaugarriekin antolatzen ditu jaiak. Gau Beltza ere guztiona eta bakoitzarena izango da. Baina oinarri partekatu bat izatea proposatzen dugu, sustatu nahi dugun horretan arreta jartzea», dio webgunean.
Identitate arteko borroka bat dagoela ikusten dute antropologoek urriaren 31ko ospakizunetan. Gau Beltza berreskuratzeko ardatzak euskara, komunitatea, gazteak, iluntasuna, natura, berdintasuna, aniztasuna, izaera (izena eta izana) izango ditu. «Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi digu». Iragana ikasiz eta oraina ikusiz, nortasuna eraikitzen jarraitzeko festa izan daiteke.