Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Taberna batean beti daude ordu arraroak. Inor ez dabilenean, eta ezinegonak eramanda, burua bueltaka hasten da. Behin horrela hasita, komeni da buelta horiek onerako izatea, tajuzko zerbait ateratzeko. Horrela ibili gara azken hilabeteetan ere, burua jaten, bueltak ematen, korapilo honetatik ateratzeko modu baten bila.
Horrela jaio zen Poligrafoa streaming bitartez egiteko ideia. Etxean sartuta, bilerak bideo-deiez, sekulako ideia zaparrada, baino zarraparra gutxi zegoen garaietan, apirileko jaialdi kuttuna bertan behera utzi beharra izan genuen. Baino ideia onartu ezin genbiltzanez, agudo jarri ginen martxan.
Zer egin? Nola? Sareak erabiltzearena ideia ona izan zitekeen arren, guretzako berria zen! Guk kontzertuak tabernetan, kalean, ermita batean egiten ditugu, hori da ondo egiten dakiguna. Baino egin genuen, eta ze gustura geratu ginen. Batek baino gehiagok esan zuen egun horretan mozkortu egin zela!
Hilabeteak aurrera joan dira, baino ezer gutxi aldatu da. Lanera joatera behartzen gaituzte, baino beste guztia kendu. Errotik moztu digute hilabete askotan zehar, jadanik zauritua zegoena. Eta egoerak okerrera egin du. Zenbat artista daude zain, zenbat pertsona langabezian eta zenbat jende triste kontzertu bat egitea ia pentsaezina gertatzen delako?
Ez dugu egoera xamurra, baino inoiz ez dugu izan, inoiz. Eta horrelakoetan eman behar dira aurrerapausoak. Guk jaialdi bat antolatzea erabaki dugu. Lanean jarraitu, egiten dakiguna egiten jarraitu eta jendeari aukera eman, hilabete askoren ondoren, kontzertu batez gozatzeko. Okerrera ezin gara joan, saiatu egin behar gara. Urriaren 17an baduzue aukera oraindik, sarrera batzuk geratzen dira eta.
Guk ondo pasatu nahi dugu, musikaz, kulturaz, lagunez eta bizitzaz gozatzen! Kultura segurua da, arriskutsuak, kultura arriskuan jarri dutenak dira! ZZ Rock on!