Askorentzat, Zaldibia Txindokirako eta Aralarrerako atea da. Badago, ordea, beste Zaldibia bat, zinez ederra hau ere, eta bitxia, naturaren erdi-erdian eskaileretan gora eta ubideetan barrena ibiltzera eramango baitu Ibiltaria.
Parke botanikoa ere badu Zaldibiak, hainbat arbola eta landare motaz hornitua. Horixe izango da gaurko ibildearen hasiera eta helmuga. Juan Inazio Iztueta folklorista eta dantzari zenaren etxea eskuinera utzi, eta Olaeta auzoko herri bidetik ingurua lorez apaindutako Olegiberri baserrira iristen da bidea, baserri artean eta langa mordoska bat gaindituz. Ezkerrera ikusten da Larraitzerako errepide ezaguna, goibel esnatu den udazkeneko negu honetan ohiko txirrindulari eta trafikorik gabea.
Olegi baserrian jaio ziren Rufino eta Patxi Iraola, euskal kulturari ekarpen handia egindako anaiak. Bertso gai-jartzaile, kazetari, euskara irakasle eta idazle izan zen Rufino, besteak beste, eta Patxi anaia berriz herri kultura zeukan gizona, herri bertsolaritzarekin gozatu eta gozarazi zuena. 1991an omenaldia jaso zuen Donostian Patxik, lagun zuen Florentino Goiburu idiazabaldarrarekin batera. Jaiotetxetik gora, pago galant baten ipurdian, hantxe dago Patxiren oroimenez jarritako plaka.
Hementxe hasten da gaurko Ibiltariko zatirik bitxienetako bat. Izan ere, pendiz gogor hau igotzeko, zer topatuko eta zementuzko eskailerak. Horietatik gora, tiki-taka, berehala irabazten da altuera, eta gaur ez bezalako egun argitan parez pare azaltzen da Txindoki, edertasun betean.
Iparragirre baserri ikusgarria eskuinera utzita, larrean lasai asko ari den orkatz talde bati begirada bota, eta berehala azaltzen da begien aurrean Olako zelaia, Olakosai. Iparragirre baserria monumentu izendatuta dago Euskal Kultura Ondarearen zerrendan. Olakosai bidegurutze garrantzitsua da, baita atsedenleku ere. Elkartearen eraikinaren atzeko iturrian kantinplora beteta Ausa Gaztelu tontorrera abiatu daiteke hemendik, aldapari helduta, edo hurbil dagoen Pottoka Gunera gerturatu lauean segita, edota aurrera segi eta CAF fabrikari indar elektrikoa emateko erabili izan ziren ur-deposituak bilatu.
Pottoka Gunea Artxabalen dago eta ZAPEk (Zaldibia Aralar Pottoka Elkarteak) sortu eta kudeatzen du. Elkartearen eta erreserba horren helburuak berberak dira: galtzeko arriskuan dagoen euskal arrazako zaldi txiki hau –gurutzea 1,15 eta 1,30 metro artekoa du– mantendu eta berreskuratzea, eta era berean, jendearengana gerturatu eta ezagutzera ematea. Gunean pottokak gertutik ikusi eta haien haziera fase ezberdinak ezagutzeko aukera dago, hasi moxaletatik eta helduetara arte.
Euskaraz egoki asko «Jator ibili, langak itxi» dioen atesarea pasa, eta CAFeko (egin zituztenean ez zen CAF, baizik eta SECM, Sociedad Española de Construcciones Metálicas) deposituak topatuko ditu Ibiltariak, Arkaka Txiki izenez ezagutzen den eremuan. Hemendik behera, hodietan barrena ziztu bizian jaisten da ura zentralera, geroago ikusiko dugun han beheko eraikin hartan elektrizitatea sortuz.
Eta hara non Ibiltariaren galderari erantzungo dion gaurko gidariak, Iñaki Gurrutxaga kazetari eta Zaldibiako semeak: «Nondik datorren mendiko ura putzu hauetara? Ba hemendixetik, kanal honetatik». Izan ere, mendiaren ertzari josita, ur kanal luze bat doa basoan barrena. Lau kilometro pasako luzera badu, iturbururaino. Kontuz joan beharra dago hemen, irrist eginez gero gogoz kontrako busti eder bat hartzeko arriskua baitago. Deskuidoan ahuntz batekin edo basurde batekin topo eginez gero berriz… ba western-etan bezala esan behar, «kale hau biok hartzeko txikiegia dek, hi!».
Erreka hots handia bidelagun
Basoa itxia dago hemen, baina tarteka-tarteka Intzartzu aldeko mendiak ikusterik badago parean, eta haien oinetan, Kobaegi baserria. Lainopean hasitako eguna eguzkitsu bihurtzen ari da pixkanaka, eta beste poz bat eman du horrela ibiltzeak. Kilometro pare bat egindakoan, kanala utzi eta beheraka hartuz, Amundarain erreka aldera jotzen da (edo Zaldibia erreka, hala izendatua du ofizialki Euskaltzaindiak) .
Basa da hemen natura. Erreka hots indartsua, harkaitz handiak bide bazterrean, baso itxia. Eta Iñustiko iturria ere bai tartean. CAFen zentral hidroelektrikora (XX. mende hasieran eraikitakoa, eta Uraren Interpretazio zentro modura egokitua) iristen da bidea, eta bertatik behera abiatuta, bidezidor polita hartuta, zentraleko presarekin egiten da topo. Igeri egiteko aparta dirudi duela gutxira arte Arrantza Eskola izan zen eremu honek, baita Amundarain errekan (ia ibai) sortzen diren hainbat putzu ere. Duela mende bat, zentral eta depositu hauek eraiki zirenean eta honuntz ura ekartzeko bideak prestatu, orduko agintari, aberats eta pertsonalitate ilustre ugari inguratu omen zen lan horiek bertatik bertara ikusteko. Osinberde, Osinbeltz… izen iradokitzaileak azaltzen dira informazio-seinaletan.
Arkaka eremuan gabiltza, Aiestaran-erreka auzoan. Baserri ederrak nonahi, Lazkao Etxe jatetxe eta nekazalturismoa tartean, zelai berdeak, Zubieta baserriko garai bateko errota, karobia, harrizko zubiak erreka gainean… bai, garbi dago harribitxia dela Zaldibiako alderdi hau. SL-Gi 2008 herri ibilbidetik iritsiko da Ibiltaria abiapuntura, erreka bidelagun eta gidari duela.
Kontuan hartzeko
- Bentaberri, bertsolari habia. Uztapide, Basarri, Lasarte… Garaiko bertsolari onentsuenen topaleku izan zen Bentaberri ostatua. Lazkao-Txiki ere hara jaisten zen mutikoa zela bertsoak aditzera, baita gerora kantuan aritzera ere. Patxi Iraola zenak ‘Naizen apurra’ liburuan jasoa du 1942an egin zela han lehen bertso saioa. Iraola metro gutxira dagoen Olegin jaio zen.
- Iparragirre, baserri-ondare. Eusko Jaurlaritzak 2005ean izendatu zuen Iparragirre baserria monumentu. Agiri ofizialen arabera, baserriak oinplano laukiluzea du, bi isurkiko zurezko estalkia, eta fatxada nagusiarekiko bizkar elkarzuta, hegoalderantz orientatua. Bi solairua eta ganbara ditu. Fatxada nagusiko beheko solairua eta lehen solairua harri-hormez eginak daude. Fatxada, oholez itxita dago.
- Biderako iturriak. Olakosaiko elkartearen atzealdean dagoen iturria da aurkitu litekeen aurrenekoa, bideko aldapa handiena igota. Bigarrena jaitsierako zatian dago, Iñusti izenekoa, Arkakako zentralera jaisteko bidean. Adineko lagun talde batek egokitu zuen iturri hori orain urte batzuk, uraren propietateen berri emanez.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3-3:30 ordu
- Luzera: 10,2 kilometro
- Desnibel metatua: 620 metro
- Zailtasun teknikoa: Ertaina