Goierri beheko zortzi kooperatibek 2003an sortutako elkarte bat da Goilan Fundazioa. Formazioa, berrikuntza eta sustapena bailaran barrena zabaltzea ditu helburu.
Elkarlana eta kooperatibismoa bultzatzea, heziketa eta prestakuntza teknologikoa sustatzea eta enpresa berrien garapenari bide ematea dira Goilan Fundazioaren sortze helburuak, gizarte eta ekonomia mailako ekintzen bidez Goierri behea bailara eraldatzeko. Zortzi dira 2003. urtean fundazioa eratu zuten kooperatibak: Orkli, Ampo, Panelfisa, Ederfil-Becker, Kendu, Hertell, Eredu eta Logos. Sorreratik industriarekin eta ekintzailetzarekin konpromisoa erakutsi du elkarteak, izaera eta tamaina ezberdineko proiektuetan lidertza erakutsiz eta bailarako hainbat erakunderekin elkarlan estuan arituz. Horren erakusle da Goieki garapen agentziarekin 2017. urtean sinatu zuen lankidetza hitzarmena. Goilan gunea jarri zuten martxan orduan Goiekiren egoitzan.
Asier Lekuona (Beasain, 1974) Goilan Fundazioaren lehendakariak –Orkli kooperatibako presidente ere bada– azaldu duenez, garai bateko kooperatiben taldetik eratorritako elkarte bat da Goilan. «Garai batean bailaraka geunden antolatuta kooperatibok –gaur egun sektoreka–. Elkargo hura desegin egin zen, baina ikusi zen interesgarria zela bailarako kooperatiben arteko elkartea mantentzea». Fundazioak ez du egitura profesionalik, eta kooperatiba bakoitzean ardura sozialak dituzten ordezkariek bideratzen dute. Urte hasieran plangintza bat egin, eta haien sortze helburuetatik abiatuta, urte bakoitzerako lehentasunak zehazten dituzte.
Lankidetzen bideratzaile
Behin lan horiek eginda, urtearen erdialdean elkartu egiten dira atzera, eta IPDK funtsetatik zehaztutako lan lerro horiek ekonomikoki nola lagundu erabakitzen dute. «Gure lana, askotan, hirugarrenekin lan egitera bideratzen dugu, Formazioa, ikerketa eta sustapena dira gure sortze helburuak, eta egunerokotasunean hori lantzen duten eragileekin lankidetza bultzatzen dugu».
Asier Lekuona, Goilan-eko lehendakaria:
«Egunerokoan formazioa, ikerketa eta sustapena lantzen duten eragileekin lankidetza bultzatzea da Goilanen egitekoa»
«Salbuespenezko egoera honetan, dauden enpresei bizirauten laguntzea izan da aurtengo diru-laguntza lerroetako bat»
Goiekirekin batez ere lantzen duten arloa sustapenari dagokiona da, eta egiten duen balorazioa ona da. «Historikoki asko lagundu izan dugu enpresa berrien sorkuntza, eta urtero enpresa berrien lehiaketa laguntzen dugu. Guk, gainera, kooperatiba izaera duten enpresa horiek bultzatzeko ahalegina egiten dugu. Goiekiren inkubategiak eskualdeko ekintzaileekin egiten duen lana oso garrantzitsua da guretzako, eskualdeko enpresa sarea ehuntzeko lan handia egiten baitu».
Etorkizuneko erronkei aurre
Goiekirekin hiru lan-ildo nagusi partekatzen ditu. Mugikortasunean estrategia lantzen jarraitzen dute, sektorearen joera aldakorrari erantzuna emateko. Berrikuntzaren arloan, diagnostiko bat osatu eta bailarako industria erakundeei laguntzea ematea dute helburu. Eta hirugarrena, COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean sortu duten Berrabiarazi proiektua da. Horra bideratuko dituzte aurten Goilan Gunearen baliabideak. Garatu duten erreminta baten laguntzaz, enpresen egoera errealak ezagutu eta banakako ibilbide orri bat definituko dute. Behin hori eginda, elkarlaneko proiektuak identifikatuko ditu Goiekik begirada zabalez, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
«Salbuespenezko egoera honetan, gure diru laguntza lerroetako bat aurten hori izan da, dauden enpresa horiei bizirauten laguntzea. Berrikuntzaren bidean, enpresa txikiak bidelagun izatea ere garrantzitsua da, etorkizuneko ekonomian aldaketa nahiko sakona eman behar dela baitirudi». Mundura ireki behar dela argi du Lekuonak, eta bide horretan kooperatiben indargunean «bertakotasunean» jartzen du, erabakiak bertan hartzean.
Koopworkinga, lau enpresa txikirentzako lan eremua
Negozio Berrien Fabrika (NBF) izena du orain bi urtetik Goiekik Ordiziako Arranomendian ireki zuen egoitzak. Goilanek zabaldu zenetik babesten du enpresa inkubategia. Eraikineko bulegoetan eta behe solairuko tailer-laborategian 20 enpresarentzako tokia dago. Aurten beste gune bat sortu dute eraikin berean bi entitateek: Koopworkinga.
Goilanek babestutako eremu hori kooperatiba txikiei zein ekonomia sozialaren arloan ari direnei zuzenduta dago, eta lau enpresari lekua emateko egokitu dute. Fundazioko kide den Eredu kooperatibako Enea markak eman ditu dohaintzan bulegoko altzari guztiak.
Hasierako fasean dagoen proiektu bat da, eta kooperatiba izaerarekin sortzen diren enpresei bultzada ematea eta haien artean harremanak eta lankidetzak sortzea ditu helburu. «Enpresa hasiberriei lehen pausu hori ematen laguntzeko ekosistema egoki bat sortu nahi izan dugu, elkarlana sustatuz. Gure helburuen artean sustapena dago, izaera kooperatibo horren alde eginez», nabarmendu du Asier Lekuonak.
Koopworking-a ez dago sektore edo profil jakin batera zuzenduta. «Irekia da. Kooperatibak sustatzea beti izan dugu helburu, eta beti lagundu izan ditugu ekonomikoki». Oraingo honetan ere, Goilanek hartuko du bere gain gastuen zatirik handiena. Interesatuek Goiekira jo behar dute.
Goilan-goieki hitzarmena
Goilan Fundazioak eta Goiekik 2017an sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Hiru lan-ildo nagusi partekatzen dituzte.
- Mugikortasuna. 2018an jarri zuten martxan bi erakundeek ‘Smart Strategies’ egitasmoa, mugikortasunaren arloko joerak eta gaitasun industrialak aztertu eta lanketa egiteko.
- Berrikuntza Mahaia. Iaztik dago martxan berrikuntza proiektua. Diagnostiko bat osatu eta bailarako erakunde industrialei berrikuntza arloko laguntza eskaintzea da helburua.
- Berrabiarazi proiektua. Goilan gunearen baliabideak Berrabiarazi proiektura zuzendu dira COVID-19aren ondorioz industriak jasotako kolpeari aurre egin eta etorkizunari begira jartzeko.