Unai Martin (Ordizia, 2000) sare sozialetan Yunimat ezizenez ezaguna den gaztea da. Youtuben 67 mila harpidedun ditu. Instagramen 245 K jarraitzaile, TikToken berriz 1.7 miloi.
Nola definituko zenuke zure burua?
Oso pertsona geldigaitza eta sortzailea naiz, jendeari barre eginaraztea gustatzen zaiona, eta anbizio handikoa.
Zein plataformatan zaude?
Gaur egun 4 plataformetarako sortzen dut edukia. TikTok-en eta Instagram-en egunero bideo azkarrak eta laburrak egiten ditut; Youtuben astean behin umorezko bideoak igotzen ditut, bideo-jokoetan jolasten, gauzei erreakzionatzen edo lagunekin erronkak egiten; eta azkenik Twitchen, astero 3-4 aldiz zuzeneko bideoak egiten ditut, batez ere bideo-jokoetara jolasten.
Noiz eta nola hasi zinen bideoak igotzen?
14 urte nituela nire lagunekin Youtubeko kanala sortu banuen ere, ez zuen arrakastarik eduki. 2019an berriz, TikToken hasi nintzen eta hortik aurrera dena goraka joan da.
Zaila al da inspiratzea?
Faktore oso garrantzitsua da niretzat. TikToken edo egunerokotasunean aurkitzen dut, batez ere. Egunean, bataz beste 1-3 ordu behar izaten ditut.
Zein da TikTok-en 1.7 M jarraitzaile izateko sekretua?
Sare sozialetan arrakasta edukitzeko sekreturik ez dago, baina nik 3 faktore garrantzitsu bereizten ditut. Lehenengoa pasioa da, asko gustatu behar zaizu aurrera jarraitzeko, ez delako mundu erraza eta gauza asko bertan behera utzi beharko dituzulako. Bigarrena lan asko egitea da, edukiak etengabe sortu behar direlako, ia egun osoa dedikatu behar diozu zure lanari. Eta azkenekoa pazientzia, niretzat garrantzitsuenetariko bat, arrakasta ez delako egun batetik bestera lortzen. Batzuetan hilabeteak edota urteak behar izaten direlako emaitzak ikusten hasteko, nire kasuan bezala.
Hitzaldiak ere ematen dituzu…
Lehenengoa laster daukat 3 lagunekin batera. Nire intentzioa jendeak ni ezagutzea da, bai sare sozialengatik, bai zinemarengatik, bai imitazioengatik edo edozergatik… Entretenimenduak eta umoreak liluraratzen naute.