Antxiñe Mendizabal Aranburu • Idazlea eta editorea
Batzuek esango dute Suak pizten direnean poesia liburuak Euskal Herriaren askapen prozesuaren zati bat kontatzen duela Mikel Soto idazleak, beste batzuek, berriz, terrorismoa eta kale-borroka dituela ardatz. Harrigarria bada ere, euskal gatazkaz hitz egin daiteke poesia eginez. Definizioak gorabehera, poema-liburu honek 1990eko hamarkadako Iruñeko gazte belaunaldi politikoaren lekukotza jaso du, lehenengo pertsonan, Mikel Sotoren bizipenen eskutik, egileak lehenengo poeman bertan kontrakoa esaten badu ere: «Hau ez da poesia». Literatura-moldeak edozein izanda ere, beste zerbaitek bultzatu du Soto liburu hau idaztera: «… guztiz sinetsita nago gezur sumarioetatik harago egin genuena kontatu behar dudala, egin zigutena kontatu behar dudala».
Heroismotik edo biktimismotik urrun, errimarik gabeko hitz neurtuez lortzen du poetak garai hartako gazteak hezur-haragizkoak bihurtzea, beren beldurrak, kezkak, adorea, elkartasuna eta konpromisoa irakurleari helaraziz. Ez daude ideologiatik idatzita, egiazkotasunetik baizik; bihotzak bezain besteko pisua dute ideiek, pasioek bezain beste adimenak. Zintzotasuna eta gordintasuna darie Mikelen hitzei, sentikortasunak egiten ditu hurbileko. Erraza da, ideia politikoak bazter utzita, Iruñeko Alde Zaharreko suzko paisaia marraztu zuten gazte haiekin bat egitea, beren beldur eta maitasunetan topo egitea.
Euskal belaunaldi baten kontzientzia politikoaren esnatzea, borroka egunak, ametsak, atxiloketak, torturak, kartzela urteak ezagutu nahi dituztenek liburu honetan aurkituko dute lekukotza paregabea eta baldintzarik gabeko zintzotasuna.