Basoa zer den, landaketa zer den, baso habitatak zeintzuk diren, zenbat espezie dauden eta horiek ezagutzeko gida proposatzen duen dibulgazio lana da ‘Gure basoak’. Goierriko paisaiari begiratu bat emateko gaia ere jarri du, datu hutsak jasoaz.
Orain bi urte hasi zen mamitzen erreportaje honen lehen zatian hizpide izango den liburua. Kezka batek eragin zuen txinparta, gizartean landareekiko dagoen sentsibilizazio faltak eta azken hamarkadetan sumatzen den transmisio galerak. Hazia erein, urtebeterako ernatzen hasi eta aurten, udazkena iristearekin bat loratu da Gure basoak. Gipuzkoako basoak eta basoetako landareak ezagutzeko gida dibulgazio liburua. Bi-hiru asteren bueltan ale guztiak agortu dira, eta bigarren argitaraldia prest egongo da hilabete barrurako. Webgunean egin daiteke erreserba.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika saileko zazpi lankidek ondu dute lana, horietatik bost goierritarrak, eta bostak biologoak formazioz. Mikel Etxeberria Okariz (Beasain, 1994), Yoana Garcia Mendizabal (Ordizia, 1984), Maddi Otamendi Urbiztondo (Ordizia, 1991), Joseba Garmendia Altuna (Ordizia, 1979) eta Maialen Arrieta Aseginolaza (Beasain, 1989). Gipuzkoako baso eta landereen «ekosistema oso hori» modu ulergarri eta erraztuan emateko egin duten ariketarekin gustura daude. Baita emaitzarekin ere, eta izan duen harrerarekin, zeresanik ez. Eta Botanika sailean sumatzen zuten hutsune bat ere estali dute nolabait, jolaserako eta hezkuntzarako baliagarria den erreminta bat sortuz esku artean izan ohi dituzten lan tekniko eta mardulen aldean. Ariketa horretan ezinbestekoa izan dute Raul Dominguez Pazo ilustratzaile barakaldarraren lana, argazkien bidez ezinezkoa baitzatekeen basoek urtaroen joanean izaten duten osotasuna jasotzea.
Paisaia ulertzen ikastea
Dibulgazioa helburu hartuta, ideia nagusi bat hartu dute lanaren abiapuntutzat: paisaia ulertzen eta interpretatzen ikastea. Botanikan aritzen direnen begietatik basoak eta zuhaitzak ez dira landare estatiko soilak, baizik eta denboran jarraipen prozesua bizi duten entitate naturalak. Hitzaurrearen ondoren, Gipuzkoako paisaia ezagutzeko gida dakar liburuak, klimaren eta ingurune fisikoaren–historia geologikoa, lurzorua eta orografia– deskribapena eginez, eta segidan, bereizketa bat: zer den berezko basoa eta zer landaketa.
Baso hitzaren definizio hauxe darabilte egileek liburuan: «Gutxienez hektarea erdiko eta %40ko zuhaitz-estaldura duen eremua, tokian tokiko espeziez osatutakoa, egur hila eta hainbat adinetako zuhaitzak dituena». Eta basoen garrantziaz hitz egitean, honakoak nabarmendu: biodibertsitatearen gordailu izatea; lurzuroaren eta uraren babesle; karbonoaren zikloan eta klimaren erregulazioan erabakigarri; produktu sortzaile; eta uraren zikloan ezinbesteko. Landaketetan, aldiz, egitura oso bestelakoa da: zuhaitz guztiak lerrokatuta egon ohi dira, lodiera antzekoa izaten dute –adin bertsua–, eta landaketa zainduetan oihanpea txiroa izaten da, garbitu egiten delako. 1950eko hamarkadan egin ziren landaketa gehienak, baserritarrak laborantza-lurrak uzten hasi zirenean. Horrez gain, Gipuzkoako natur parke guztietan ere landaketak eginak daude.
Gizakiaren eraginik ez balitz egon, berezko basoa nagusituko litzateke Gipuzkoan. Lurrik hezeenetan –erreka eta ibai-bazterretan– haltzadia; lurrik lehorrenetan, ameztia eta artadia; leku garai eta laiotzenetan, pagadia; eta haranetan, berriz, bi baso mota bereiziko lirateke: leku aldapatsuenetan lurzoru txiroetako hariztia, eta lauenetan lurzoru aberatseko hariztia (ikus artikuluaren bukaerako habitaten banaketa, landaketak gehituta herrialdean duen presentzia ugariarengatik).
Baieztapen hori egiterakoan –gizakiaren erabilerarena– kritika inplizituren bat egin nahi izaten duten iradokita, hona erantzuna: «Gu kontziente gara gizakiok hemen bizi garela, lurra erabili egin behar dela, baina erabilera horrek ondorio batzuk dauzka. Ez da kontua esatea ‘ze gaiztoak garen’, harago joan behar da. Lan honekin jendeari erakutsi nahi diogu zer aberastasun daukagun eta zer eduki dezakegun. Ekologian bada asko erabiltzen den esaldi bat: ezagutzen ez duzuna ez duzu errespetatzen, eta ez baduzu errespetatzen ez duzu kontserbatuko».
Goierri, ia habitat guztien lurralde
Gipuzkoako 2019ko baso mapako erabilpen banaketa aintzat hartuta –Eusko Jaurlaritza da iturria–, 198.000 hektarea leudeke. 59.293 hostozabalak lirateke –berezkoak eta landaketak–, eta jabetza publikoa %21,5ekoa. Koniferak, berriz, 41.638 ha (%16 publikoa). Goierriren kasuan, baso mapa orokorrak 39.000 hektarea dakartza, hostozabalak –13.089 ha, %29,8 publikoa– eta koniferak nahiko parekatuta –14.336 ha, %12,9–. Goierriko 22 udalerrietatik zazpitan bakarrik dago hostozabal gehiago konifera baino (Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia).
Hostozabalen artean, pagadia da nagusi, 6.400 hektarea –%52,9 mendi publikoetan–, Gipuzkoako pagadien herena. Herrialdeko baso mixto atlantiarren seiren bat Goierrin dago (3.800 ha, publikoa %3,5) eta hariztien %12 ere bai (1.100 ha, publikoa %7,6). Koniferetan ere, Gipuzkoako herena Goierriri dagokio. Intsinis pinua nabarmentzen da (8.000 ha, publikoa %3), eta ondoren, Pinu beltza (3.000 ha, publikoa %31), Douglas Izeia (1.300 ha, publikoa %21) eta Larizioa (1.400 ha, publikoa %13).
Herrikako hainbat datu aipagarri
Ataun da baso hektarea gehien duen udalerria (5.800 ha), Legazpi hurrena (4.212), Zegama (3.483), Beasain (2.990 ha) eta Idiazabal (2.930). Hostozabaletan pago gehiena Ataunen (2.100 ha) dago, segidan Zegaman (613 ha) eta ondoren Legazpin (437 ha), baina hala ere, baso mixto atlantiarra da nagusi bailarako 17ko herritan. Ataungo artadia (302 ha) eta Legazpiko haritz kandugabearen basoa (222 ha) ere aipagarriak dira, Gipuzkoan ia bakarrenetakoak direlako.
Koniferen artean Legazpiren datua da aipagarria: 2.343 hektareatatik ia erdiak Pinu beltzarenak dira (1.038), intsinisa (784). Konifera gehien duen bigarren udalerria Zegama da (1.581 ha) eta hirugarrena Ataun (1.272 ha). Koniferen artean Intsinisa da zabalduena Goierrin alde handiarekin (14.336 hektarea koniferatik 8.000), eta Beasain da kopuruz gehien duena (831 hektarea).
Baso motak
HARIZTIA
Hariztiak baso garrantzitsuak dira Gipuzkoan; izan ere, berez 600-700 metrotik beherako lur guztietan izan behar lukete nagusi. Baso horiei eman zaien erabilerarekin, ordea, banaketa-eremua izugarri murriztu da. Haritz kanduduna, gaztainondoa, laharra, txilar burusoila, urki iletsua, lizarra, ezki hostozabala, zumar hostozabala, gereziondoa, astigarra eta basaerramua dira espezie ohikoenak bertan.
PAGADIA
Pagadiak, berriz, 600-700 metrotik gorako lur guztietan izan beharko lirateke ugarienak. Gipuzkoan lurzoru txiroetako pagadiak dira nagusi, gehienak aldapan daudelako. Itzal handia dutenez, oihanpean ezer gutxi hazten da, eta zorua orbelez estalia egon ohi da. Hori dela eta, erraz ibiltzeko moduko basoak dira. Pagoen, gorostien, ahabien, hostazurien, haginen eta elorri beltzen bizileku izan ohi dira.
ARTADIA
Gipuzkoako artadiak oso bereziak dira. Izan ere, baso mediterraneoak dira, eta ez dira ohikoak gurean. Artadi kantauriarrak garaiera txikiko basoak dira (8-10 metro), eta oihanpea korapilatua dute. Gipuzkoan, lur lehorrenetan agertzen da artea, kareharrizko lurzoru trinkoetan –Ataunen- eta kostaldean flyschetan. Artea, erramua, endalarra, elorri zuria, arkasatsa, otabera eta arbustua dira landare ohikoenak.
AMEZTIA
Baso honentzako klima aproposena hegoaldera dago, Araba aldean. Gipuzkoako ameztiak batez ere hareharri oso iragazkorretan nagusitzen dira, ongi drainatutako lur aldapatsuetan edo mendi gailurretan. Gipuzkoako esanguratsuena Jaizkibelen dago, eta Goierrikoa Zerainen. Ametzak, txilar kantauriarrak, ote zuriak, ainar arruntak, makatzak, txilar zuriak eta sagarminak hazten dira ameztietan.
HALTZADIA
Haltzadia erreka ertzeko basoa da, iturburutik hasi eta itsas mailara arte heda daitekeena, nahiz eta ez den 700 metro ingurutik gora agertzen. Haltzadiak oso baso ilun, korapilatsu eta itxiak dira, baina funtzio ezinbestekoa betetzen dute erreka eta ibaien ziklo hidrologikoa erregulatzen. Haltza, sahats iluna, aihen zuria, huntza, intsusa beltza eta hurritza dira bertako espezieak. Haltzadiak egoera larrian daude.
LANDAKETAK
Ez dira berezko basoak, baina Gipuzkoan zein Goierrin oso zabalduak daude mendi-hegal gehienetan. Egun, Gipuzkoako lurren ia erdiak landaketak dira (%45). 200 eta 600 metro arteko lur gehienetan egin dira landaketak, baita natura parke guztietan ere. Intsinis pinua, Lauwson altzifrea, Douglas izeia, Pinu beltza, Larizioa, Alertzea, Haritz amerikarra, Eukaliptoa eta Sasiakazia dira espezie landatuenak.