Jon Ordoñez Garmendia • Beasain
“Ni zuhaitz zahar bat naiz… Enarak alde batetik bestera igarotzen larogeitalau aldiz gutxienez ikusi ditut…”. 1990eko maiatzaren 19a zen eta Beasaingo Alkartasuna Lizeoan ikastolaren 25. urteurrena ospatzen ari ginen ikasleok.
Herriko zinema zaharrean geunden, larunbat arratsalde batean, gurasoei hainbat ikuskizun eskaintzekotan. Eta oholtza gainean, mahai bat, lurrean etzanda. Eta mahaiaren atzean, Jon Mikel, Manu eta hirurok.
Hainbat astez prestatu genuen txotxongilo emankizun hura. Jose Migel Barandiaranek Goierrin bildu zuen alegia zahar batean oinarritutako antzezlan bat zen: Sugea, gizona eta azeria. Enkarni Genua idazle eta txotxongilolaria da egilea, eta 1976an estreinatu zuten, gu jaio baino urtebete lehenago. 1990eko udaberri arratsalde horretan ni nintzen zuhaitz zaharra eta azeria, eta sekula ez zaizkit ahaztu antzezlanari hasiera ematen zioten hitz horiek. Ezta nola okertzen nuen ahotsa 13 urterekin, ikusleen belarrietara agure bat izateko.
Inor gutxik gogoratuko du, ordea, gure ikuskizun hura. Saioa hasi eta gutxira, bapatean sekulako burrundara entzun baitzen zinema zaharrean, beldurgarria, eta sabaia gainera zetorkigula pentsatu genuen. Arratsaldeko zazpiak inguru ziren. Zer gertatzen zen ez genekiela geunden gu hirurok mahai haren atzean, babesleku genuelakoan, buruak ezkutatuz eta txotxongiloak altxatuz. Zarata hura ez baitzen kolpe lehor bat izan. Indartsu hasi eta segundo asko, minutuak, irauten zituen trumoi baten tankerako arrabotsa zen.
Buruak atera genituenean, gora begira ikusi genituen ikusleak, ez oholtzara. Guk bezala, inork ez zuen ulertzen zer ari zen gertatzen.
Kazkabar erauntsiaren txikizioak
Ordu laurden amaitezin bat izan zen. Antzezkizuna eten behar izan genuen, burrunba horrekin gure ahotsak entzunezinak zirelako ikusleentzat. Baina zalaparta amaitu zenean jarraitu zuen jaialdiak. Etorri ziren gero ikuskizun gehiago, baina aretoko ateak ireki zituztenean, inork ez zuen hitz egiten barruan ikusitakoaz. Kazkabar erauntsiak sekulako txikizioa eragin zuen Beasainen eta Goierriko herri gehienetan.
Ez dakit nola bukatu ote zuen zinema areto zaharreko sabaiak egun horretan, baina handik atera ginenean kalean zeuden auto guztiak kolpez josita zeuden, eta askok txikituta zituzten kristalak. Lurra zuri-zuri zegoen, eta eskupelotan jokatzen hasteko moduko txingor aleak zeuden. Hondamendiari bizkarra eman eta hala ibili ginen Beasaingo Kale Nagusian izotz kozkorrak biltzen, handiena nork aurkituko, etxera eraman eta izozkailuan gordetzeko.
Zortzi zentimetrokoak
Egun horretan gertatutakoa ikaragarria izan zen. Zortzi zentimetroko diametroko aleak jaso zituen Ertzaintzak. Jendeak ahal izan zuen lekuan hartu behar izan zuen babesa: tuneletan, etxe atarietan, auto barruan… Kalte pertsonalik ez zen izan, baina Goierrin kalte materialak 8.000 milioi pezetara (48 milioi euro) iritsi ziren. 2.500 auto inguru kaltetu ziren, eta horiekin batera, etxe eta tailerretako teilatuak, soroak, kaleko azpiegiturak…
Guztien memorian gordeta geratzen den gauza horietako bat izan zen. Eta zu, non zeunden 1990eko maiatzaren 19an arratsaldeko zazpietan?