Sekula ikusi gabeko ikuskizuna izan zuten goierritarrek 1911ko maiatzaren 25ean. Hegazkinak igaro ziren goiz hartan, I. Paris-Madril Raideko hirugarren eta azken etapan, Donostia-Madril bitartean. Jendetzak mugitu zituen lasterketak. Wright anaien lehen hegalditik 7 urte eta erdira, abiazioa hastapenetan zegoen artean, eta abenturazale ausarten kontua zen pilotu izatea. Goierrin, gehienek aurreneko aldiz ikusi zuten gizakia hegan; sinestezina zena, egia.
Parisen maiatzaren 21ean hasi zen lasterketa, 200.000 ikusleren aurrean. Tragedia izan zen; aireplano bat jende artera sartu, eta Gerrako ministroa hil zuen. Ez kontrolik eta ez araurik, pistan pilatu ziren ikusleak. 20 abiadore zeuden izena emanda, baina oso gutxik lortu zuten abiatzea edo aireratzea.
Angulemara zen lehen hegaldia, eta handik Donostiara 23an hiru pilotu soilik iritsi ziren: Roland Garros (tenis txapelketari izena eman ziona), Gilbert eta Vedrines. Bleriot hegazkinak zituzten lehen biek, Morane hirugarrenak. Zurez eta oihalez eginiko txori arinak ziren, 40 bat zaldiko helize-motorrak tiratua.
Gertakizun aipagarria izan zen, pasatutako leku guztietan. Baita Gipuzkoan ere. Le Petit Parisien egunkariak antolatu zuen, eta Gipuzkoako Aero Klubak lagundu zion hemen. Oroimen kolektiboan geratu da raida. Segurako Juan Izagirrek (95 urte), Narciso Izagirre aitari (1893an jaioa) aditutakoa daki: «Eurak mutiko zirela, aitak kontatzen zuen nola joan ziren Santa Barbara mendira. Kuadrillak elkartu, eta sua egin zuten han, aireplanoak gidatzeko. Atxu aldean eta Etzegaraten ere piztu zituzten suak. Donostiatik Madril aldera pasatzen ikusi zituzten. Hemendik pasatu zen lehenengo aireplanoa izango zen», gogoratu du Juan Izagirrek.
Bi hegazkin pasatu ziren goiz hartan; 7:15 aldera lehena, eta ordu erdi batera bigarrena.
Hegalari bakarra iritsi zen
Esan eta izan. Hegalariek eskatuta, bideari jarraitzeko mendi tontorretan lasto busti pilekin suak piztu zituzten, ibilbide osoan. Antolakuntza ikaragarria izan zen: poliziak bide osoan, Gurutze Gorrikoak, kazetariak, medikuak eta mekanikoak autoetan jarraitzen…
Gilbert Ondarretako hondartzatik 06:28an abiatu zen, behelainoa altxatutakoan. 07:20rako Altsasun zen, baina Olaztin lurreratu zen, matxura beldurrez. Geroago, aireratzean istripua izan, hegazkina hautsi eta proba utzi zuen. Bidean, euren zain, jendetzak ikusi zituela kontatu zien kazetariei. Arreta handiena Segurako elizak eman ziola ere bai, «oso ondo» ikusi zuela. Garros 07:14an irten zen, baina Usurbilen lehenengo eta Leitzaran errekan (Andoain) gero erori, eta erretiratu zen. Vedrines 07:16an irten zen; hura bakarrik iritsi zen Madrilera, maiatzaren 27an.