Gorka Lariz • Aktorea eta Urrup taldeko kidea
Nahiz eta antzerkiak zein zuzeneko kulturak bizi duten egungo egoera ez hoberena izan, beti esango dut tamalez ez naizela antzerkitik bizi. Tamalez diot, zoragarria delako maite duzun lanbidea bizimodutzat izatea. Honek ez du esan nahi ni zoritxarreko naizenik. Ez! Nire erdi-profesionaltasun horretan gozatzen ikasi dut.
Arte eszenikoetatik bizi direnak ez dira telebistan ikusten ditugun aurpegi ezagunak soilik, kutxa leloan azaltzen ez diren milaka profesional dago gure inguruan, baina telebistan azaltzen ez bazara zaila duzu antzoki bat betetzea.
Aktoreak ez dira arte eszenikoetan lan egiten duten bakarrak. Ikusten ez ditugun arren, lan bakoitzaren atzean aktore ez gain, zuzendariak, teknikariak, dekoratu egileak, jantziak egin eta konpontzen dituzten pertsonak… ere hor daude, besteak beste. Horregatik, lotsagarria iruditzen zait, maite duzun lan hori burutzen ari zarenean eta bolada txar bat datorrenean, beti norbaitek honakoa esatea: «Zergatik ez duzu lanez aldatzen?» Hori errespetu falta! Gure lana ez al da serioa? Ez al du lan honek kultura jendearengana hurbiltzea ahalbidetzen? Badirudi lan motak ere sailkatuta daudela gizarte honetan. Batez ere zure aurpegia telebistan azaltzen den horietako bat ez bada.
Hausnarketarako galdera bat: Tabernak 21:00etan ixtearen neurriak direla eta, jendeak egiten dituen neurriaren kontrako protesta edo iritziak, tabernariekiko elkartasunagatik dira edo eurak tabernetan ezin egon izanak eragindakoak? Esan daiteke ni, besteak-beste, aktorea eta tabernako zerbitzaria naizela. Horregatik, nire elkartasun eta miresmen osoa eskaini nahi diet egoera honetan ekaitz guztien aurka borrokan ari diren artista zein hauekin lan egiten duten langile eta tabernari guztiei. Izan ala ez izan… Gu… Izango gara!