Ino Ugarteburu ezkiotarrak Vulcanizados Otaegi pneumatiko tailerrean lan egin zuen, eta duela hiru urte hartu zuen erretiroa. «Hobe lehenago jubilatu banintz… Kozinatzea, mendira joatea eta txakurrekin egotea gustatzen zait».
Zer moduz moldatzen zara sukaldean?
Emazteak oraindik lan egiten du eta ni ari naiz kozinatzen. Presio-eltzea egonda potajea ondo ateratzen da. Beste edozer prestatzeko, Argiñanoren liburua hartu eta kito.
Ehizarako toki bat?
Leku askotan egon naiz, baina Atxurtzarekin gelditzen naiz. Ez da oso toki ona, baina guk egiten duguna egiteko, nahikoa. Gainera, gertu dugu eta betiko jendearekin egoten gara.
Liburu bat?
Kirol liburuak irakurtzen ditut. Aizkolariei eta txirrindulariei buruzkoak.
Mendi bat?
Atxurtza, Izazpiko magala.
Kolore bat?
Berdea. Mendizalea eta baserrian jaiotakoa naizelako, batik bat.
Abeslari bat edo musika talde bat.
Laja eta Mikel.
Abesti bat?
Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean.
Oporretarako toki bat.
Leku lasai bat. Hondartza duen edozein.
Zer gosaltzen duzu?
Fruta eta kafea.
Amets bat.
Pandemia amaitu dadila.
Zerk sortzen dizu irribarrea?
Alex Aranburuk lasterketa bat irabazteak.
Bizitzako plazer txiki bat?
Emaztearekin afari goxo bat egitera joatea.
Goierriko txoko bat.
Ezkio.
Urretxun biziko ez bazina?
Ezkion.