Donostiarra naiz, eta nire argazkilaritza itsasoari lotuagoa badago ere, hamar urte eman ditut Gipuzkoa barnealdeko hainbat txokori argazkiak ateratzen. Gaur egun Beasaingo Argizpi Argazkizale Elkarteko kidea naiz.
Goierrin, lur garaietan, natura indartsua eta gogorra den lurraldean, bertako herritarrak ingurura egokitu behar izan dira halabeharrez biziraun nahi bazuten. Lur honek eman dizkien dohainak baliatu dituzte, burdin meatzaritzatik hasi eta abereentzat larreak sortzeraino. Eraldatzen ere jakin dute, esfortzua eta adimena erabiliz industria eta nekazal ustialeku berriak sortu baitituzte. Bailaretako industria monumentu megalitikoen bizikide da, Erdi Aroko herriena, parke naturalena, pagadiena, basa animaliena eta abereena.
Txindoki eta piramide itxurako bere silueta beti dago presente Goierrin, beste aldean Aizkorri begira duela. Begiratzen zaion tokitik begiratuta, beti ekartzen du gogora naturaren indarra eta euskal mendien dotorezia, larre amaigabeetan tartekatzen diren baserriak, ganadua, eta haritzez eta pagoz osatutako basoak.
Irudiko argazkia 2016ko martxoaren 15ean egina dago, eguerdi batean, Gaintzako herrigunetik Aralarri begira.
Nikon Panoramikoa D5100 • 18-105mm • f3.5-5. • 1/200s • f7,1 • ISO100 • 18mm