Errekek, ur-ibilguek orokorrean, ez dute berezko izenik. Horren froga da orain arte (gaur egun gauzak asko aldatu dira), adineko herritar bati bere etxe ondotik igarotzen den ur-ibilguaren izenaz galdetuz gero, «erreka» esatea izaten zela normalena. Pixka bat estutuz gero, erreka sortzen den edo igarotzen den leku-izena erantsiko zizun: Otsaurte erreka Zegaman, Agauntza erreka Ataunen, Aizpee erreka Zerainen, Altunako erreka Zumarragan… Sarritan gertatzen zen herritar batek izen bat esatea eta beste batek, beste izen bat. Hala, Deskargako mendatetik Urretxu aldera doan erreka, batzuentzat Deskarga erreka zen, beste batzuentzat Mendiaras erreka. Agiri zaharretan Arroyo de Zuazu ere irakurri izan dugu. Zer esanik ez, ez zegoen inolako adostasunik erreka-izen baten hedaduraren inguruan.
Gaur egun, horrelako kontuak gutxiago gertatzen dira, gizartea aldatu delako, eta mapetan datozen datuei eta, zer esanik ez, Google-maps-en datozenei (gure Jainko berria), erabateko sinesgarritasuna ematen diegulako, eta haiek erabiltzen ditugu, ondo jasota egon ala ez.
Idatzi honetan kasu zehatz baten gainean idatziko dut, Urola erreka-izenaren gainean. Goierri Garaiko bizilagunek oraintsu arte (edo atzora arte, nahi izanez gero) Urola izena ez zuten ezagutzen, mapetatik at gutxienez. Haientzat Erreka aundie edo Errekea zen Legazpin, Erreka aundidda edo Errekia Urretxu eta Zumarragan. Esan liteke, hortaz, Urola izena kartografiaren erabilerarekin zabaldu eta finkatu dela, arestian aipatu bezala.
Jatorriari dagokionez, bakarren batek Urola errekaren izena Goierri Garaiko burdingintzarekin lotu nahi izan du ‘burdinolak mugitu izan dituen ura’ gisa interpretatuz. Baina hori ez da horrela, inondik inora. Non sortu da orduan? Zer da Urola eta non dago?
Aizpurutxo aldean
Urola izeneko eremua topatzeko errekan behera joan behar dugu, Aizpurutxo aldera hain zuzen. San Agustin elizaren parean, Azkoitiko isurialdean, bada gaur egun Ule izenez ezagutzen den baserria, antzina kortabasoa izandakoa, larre biribila alegia. 1484ko agiri batean Zumarragako Aginaga auzoko lau kortabasoekin batera aipatzen da: «seles de Autube, Olaeta, Ubola, Artasola y Ezquertegui». 50 urte lehenago, 1434an, Arroyo de Huola aipatzen da inguru horretan, seguruenik Ule baserritik behera jaisten den errekari erreferentzia eginez, eta ez gaur eguneko Urola errekari, garai hartan Río de Legaspia izenez ezagutzen zelako, pasarte honek erakusten duen bezala: «el agua fasta donde entra el arroyo que llaman de Huola al dicho rio de Legaspia».
Denborarekin, Huola, Ubola edo Urola izenarekin eremu zabalago bat izendatzera pasa zela ematen du. Gerora, ordea, Urola izenak indarra galdu du inguru horretan eta, haren lekuan, Artetxe eta Aizpurutxo gailendu dira, bertan dauden beste izen batzuei erreferentzia eginez. Errekaren izenarekin, ordea, ez da berdin geratu. Aizpurutxuko erreka eta Artetxerreka izenak ez dute aurrera egin eta ur-ibilgu osorako Urola geratu da.
Beste kontu bat da zer esan nahi duen asmatzea. Bigarren osagaiak (‘ola’) badirudi kortabasoetan egon ohi ziren etxolari egiten diola erreferentzia, baina lehen osagaia zein den jakitea korapilotsuagoa da. Esan liteke ‘ur’ dagoela, baina ez dago argi zein den adiera zehatza.