Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Gustura irakurri nuen aurreko astean German Urteagak atal honetarako idatzi zuen testua. Ez nago ondo. Laguntza behar dut izenburupean, gure arazoak azalaretzako ditugun zailtasunez aritu zen. Eta beste behin, erabat ados nago zurekin, lagun. Izan ere, askotan pentsatu izan dut gure hezkuntza sistemak eta inguruan dugun gizarte honek ez gaituela prestatzen gaizki egoteko. Eta gu geu prest ez bagaude, nola demontre zabalduko ditugu bada gure ahuleziak beste norbaitekin? Eta nik, beste arantza bat erantsiko nioke guzti honi. Ez al duzue uste emakumeek errazago kudeatzen dituztela osasun arazoak? Zailagoa al da barrua zabaltzea gizonezkoen kasuan?
Horri tiraka, 2003. urtean Australiako mutil batzuk abiatu zuten Movember mugimenduarekin gogoratu naiz. Finean, gizonezkoen osasunari ikusgarritasuna eman nahi dion kanpaina da. Mundu mailako egitasmoa; egitasmo mundiala. Gure biboteak baliatuz, gizonezkook pairatzen ditugun osasun gaitz lotsatiak plazaratzen ditu azaroan zehar. Barrabiletako minbiziaren, prostata arazoen edota suizidioaren aurka lanean ari diren proiektuen alde dirua biltzea du xedeetako bat. Baino hori bezain garrantzitsua da mugimendu honek hilabete honetan lortzen duena gure kaleetan. Gizonezkoen osasunaz hitz egitea, edo entzutea behintzat.
17 urte daramatza Movember egitasmoak lanean. Gurean ere aspalditik ditugu ordezkariak. Ordiziako Errugbi Taldea izan zen lehenetako bat. Eta haiek ereindako hazietatik, egun Goierri Mo-Herri taldea dugu lanean.
Aurtengo egoera bereziak, ordea, utzi du bere itzala guzti honengan ere. Batetik, xomorroak gure biboteak ezkutatu ditu musukoarekin. Honi aurre egiteko, bibotedun maskaratxoak kaleratu dituzte. Hau gutxi ez eta taberna eta jatetxeak itxita ditugunez, itxulapikoetan diru gutxiago sartzeko arriskua dago. Baino guzti honek ere ez ditu kokildu boluntarioak. Aupa zuek!
Eta beharrezkoa al da hau guztia? Bada, uste duguna baino gehiago. Nire inguruan behinik behin, izan ditut sekula medikuarengana joan ez diren gizonezkoak. Urologo hitza entzun eta mendian gora korrika hasten direnak. Psikologo edo psikiatra hitzak debekatuta dituztenak. Eta ez diot inolaz ere errudunak direnik, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, erreakzio edo erreakzio eza hauek guztiz normalak direla esango nuke. Sufrimendua ezkutatzera ohitu gaituzte. Urteetan zehar, gizonak izateko hezi gaituzte. Benetako gizonak izateko. Bi potrorekin!
Eta jakin badakit gauzak aldatzen ari direla. Baino aldi berean, asko dugu lantzeko oraindik ere. Denok. Gizon zein emakume, haur, gazte, heldu zein agure, guztiok ikasi behar dugu potro bakar batekin bizitzen. Badaezpada.
Germanek zioen moduan, askotan esaten dugu gezurra zer moduz gauden galdetzen digutenean. Eta beharbada iritsi da egia esaten hasteko garaia.
Eta zu, zer moduz zaude?