Aitor Artza Agirre • Musikazalea
Ditxosozko konfinamendu eta sasi normalidade honek ia-iatan kulturaren hiletara eraman gaituen honetan, badira berri onak ere Euskal Herrian egiten den musikan. Lan eta proiektu asko sartu dira labean eta pixkanaka ateratzen hasiak dira… Horra hor Mihise, Stupid Fuckin People, Bamms, NCC eta gaurkoan esku artean dugun Victimas Club.
Gasteiz ingurutik datozkigu Pela (Iñaki Urbizu), Osoron, Joseba B.Lenoir, Julen Postigo eta David Marin. Aurretik partaide izan diren taldeak aipatuta beharbada ezagunago egingo zaizkizue: Obligaciones, Sumision City Blues, Sexty Sexers, Señor No, MICE, Siroko, Gatillazo eta baita Marky Ramone ere.
Pela da herri honek eman duen frontmanik indartsuenetako bat inolako zalantzarik gabe. Gai da Iggy Pop, Stiv vators, Natxo Cicatriz edo Joey Ramone berari itzal egiteko. Marky Ramone trebea izan zen Pela abeslari bezala aukeratzen munduan zehar ia bi urtez eramango zituen bira luze batetarako. 40.000 pertsonaz betetako estadioetan lotsagabe abestu zituen Ramonesen kantak, baina bere indarrak are gehiago elektrifikatzen ditu entzuleak gure areto txiki edo ertainetan, irentsi egiten gaitu orduan Pelak.
Bada aurrez aipatutako Cicatriz, Stooges, Iggy Pop, Dead Boys, Stranglers edo Gun Club berak dakarzkit gogora Victimas Club taldeak, abilezia instrumentuetan eta abes-ahotsetan. Hitzak berriz ez gaituzte epel utziko, horren lekuko Profesional, Cortando encía, Farsantes contra Farsantes edo Goierri beraien mapan jartzen duten Cristo nacido en Judizmendi y muerto en Lazkao kantak esaterako. Abesti horiek orain Gakobeltz (Joseba Baleztenaren laborategia) estudioetan grabatzen ari diren disko batek bilduko ditu, eta hilabete asko barru izango dugu esku artean. Beraz, erne egon!
Gaur-gaurkoz sare sozialetan jarraitu beharko ditugu, bertan aurkitu ahal izango dituzue entsegu lokaleko bideak, baita Hell Doradon, Arrasaten eta Urretxun emandako zuzenekoen atal batzuk ere…