Lazkaoko Iztuetak, Zeraingo Basazabalek eta Urretxuko Donardegik abere-ustiategi onenen sariak lortu dituzte. Etxeko bazka eta ganaduaren ongizatea daukate oinarrian.
Bi dira Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, hiru lurraldeetako gestio-zentroek eta Neiker-Tecnaliak antolatzen duten Euskadiko abere-ustiategi hoberenak txapelketarekin lortu nahi dituzten helburuak: abere-ustiategien berritze teknologikoa bultzatzea eta hori saritzea, eta horretarako pizgarri eta zabalkunderako tresna izatea txapelketa. Epai-irizpideetan, berriz, honakoak hartzen dituzte aintzat: batetik, maila tekniko eta ekonomikoagatik nabarmetzen direnak, eta bestetik, produkzio metodoak baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzera bideratzen dituztenak.
EAE Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategi baten titular den edonork har dezake parte –aurten 248 izan dira–, eta baldintza bakarra bete behar dute: haien ganaduak ustiategian bertan bildutako eta kontserbatutako belar-bazkaren bitartez elikatzea, bai siloratuta bai belar-iharra eginda. Hiru modalitate daude: esne-behiak, haragi-behiak eta ardiak. Hiru goierritar izan dira aurtengoan sarituak: EAE mailako esne-behi ustiategi onena Lazkaomendiko Iztueta izendatu dute, Gipuzkoako haragi-behi ustialeko onena Urretxuko Donardegi eta Gipuzkoako bazka onenaren egile Zeraingo Basabazabal artegiko Jabier Muñoa artzaina.
Ustiategien sailkapena bi fasetan egiten da. Aurrenekoan aukeraketa bat egiten da ustiategiaren hainbat ezaugarri puntuatuz (kontserbatutako bazka-belarraren kalitatea eta datu teknikoak, ekonomikoak, ingurumena eta merkaturatzea). Bigarrenean, ustiategiak bisitatzen dituzte epaimahaiko teknikariek bertatik bertara puntuatu ahal izateko. Aurtengoa 20.a izan da, eta bi hamarkadatako ibilbidea osatuta, lehiaketak beste formatu bat izango du 2021ean.
Esnea zuzenean saltzen 95 urte
Lakuan izatekoa zen Iztuetako Mariaje Insausti urriko azken astean saria jasotzen, baina osasun krisia dela eta bertan behera geratu zen ekitaldia. «Denbora askoan egindako lan onaren errekonozimendu bezala hartzen dugu saria, nahiz eta uste dudan askotan ez dela eskertzen guk egiten dugun lana». Lema bat dute Iztueta esne-behi ustiategian, 1925etik esnetan bizi gara, eta zuzeneko salmentan ari dira harrezkero: «Gure aitona kalera joaten zen saltzera, ama ere bai, gero gu, eta orain gure ondorengoak ere bai».
Mariaje Insausti, Iztueta (Lazkao-Lazkaomendi): «Denbora askoan egindako lan onaren errekonozimendua da saria, lan hau eskertzen ez dela uste dudan arren»
Tradizioa eta berrikuntza batzen, eta artisau lana eta teknologia uztartzen asmatu dute urte hauetan guztietan. 1995ean esne gordina poltsetan sartzen hasi ziren, 2004an esnea pasteurizatzen, 2009an lehen esne makina jarri zuten Ordizian –ondoren Beasainen eta Lazkaon–, eta 2015ean jogurtak eta izozkiak egiten hasi ziren. «Modu artisauan lan egiten dugu, baina teknologia berria erabiltzen dugu. Europara bidaiatuta ideia bat ekarri genuen, han tradizio handiago dute esnearekin lan egiteko, eta gurera egokitu genuen».
Insaustik argi du lurrarekin «errespetuzkoa» den nekazaritza eta abeltzaintza «iraunkorra» dela Goierriko baserrietan jarraitu beharreko eredua. «Lurrari lotutakoa izan behar du, inguruari errespetu bat zor diogulako, eta guztiok nahi dugulako denboran irautea, lurra ahituta utzi gabe». Larratze ziklikoa egiten dute Iztuetan, behiek beti belar berri eta goxoa izan dezaten. «Behien manejoari eta ongizateari ere asko begiratzen zaio orain, elikadurari, azken batean horrela lan eginda lortzen baita kalitatezko esnea».
Bere garaian bildutako belarra
Zeraingo Barbari auzoko Basabazal artegiko Jabier Muñoa Diputazioan zen saria jasotzekoa, baina hura ere zen egin. Gipuzkoako zuhain edo bazka onenaren izendapena jaso du. Belarra biltzerakoan faktore askori begiratu behar zaie, eta Muñoak lehengo esanei egiten die kasu. «Eguzkia gorenean dagoen garaian, sanjoanetan, izaten du belarrak kalitate eta indar gehien. Belarraren proteina kopurua izaten da asko baloratzen dutena». Horrek, eta «altuerako belarra finagoa izateak», gaztaren zaporean eragina dutela argi du. Horretarako, larreak urtero ongarritu eta ximaurtzen ditu, eta lauzpabost urtean behin minda bota. Hala ere, bazka ona egiten jarraitzea «kosta» egingo zaiela dio zeraindarrak, sator, orkatz, basurde eta uda honetan zelaiak hondatu dituen har ezezagun horren eraginez.
Jabier Muñoa, Basazabal (Zerain): «Eguzkia gorenean dagoen garaian, San Joan aldera, izaten du belarrak indar eta kalitate gehien. Orduan bildu ohi dut»
Ukuilu berria ongizatearen alde
Aurrez aurreko saririk jaso gabe gelditu da baita ere Urretxuko Donardegiko Mikel Elgarresta, baina «pozik» dago publiko egin delako, ez baitzuen espero. Haragi-behiak ditu, eta ekoizpenaren %80 bizitara saltzeko bideratzen du. Zumarragako Arcelor-Mittal itxi eta gurasoak erretiroa hartzearekin bat buru-belarri sartu zen negozioan. «Morfologia txapelketetan parte hartzen aspaldi hasi zen aita, baina aurrez prestatu gabeko txapelketa batean saria jasotzea sorpresa izan da». 1983tik dituzte limousin arrazako behiak etxean.
Mikel Elgarresta, Donardegi (Urretxu): «Ganaduaren ongizatea ez ezik, lurrarekiko oreka ere mantentzen dugu, jasangarriena den eredu baten alde eginez»
Iaz ukuilu berria egin zuten, eta makineria berria erosi ere bai, beti ere behien eta txahalen ongizatea lehenetsiz. «Etzanlekuak eta janlekuak berriak dituzte, eta beti intentzio horrekin egiten dut lan. Lurrarekiko oreka ere mantentzen dugu, ahalik eta eredu jasangarrienaren alde eginez».
284 Ustiategik parte hartu dute.
Arabakoak 105 izan dira, 77 Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak 102. Bi maila bereizten dira, absolutua (3 sari) eta lurraldekakoak (12 sari). Lazkao-Lazkaomendiko Iztuetak EAEko esne-behi ustialeku onenaren saria jaso du, Urretxuko Donardegik Gipuzkoako haragi-behi onenarena eta Zeraingo Basazabalek Gipuzkoako zuhain edo bazka onenarena.