‘Tentsio belarra’ izenez ere ezaguna, odola mehetu eta garbitzeko erabili izan da, baita sabeleko minerako ere.
- Izen herrikoia. Belarmina
- Izen zientifikoa. Centaurium umbellatum L. (Gentianaceae)
- Ezaugarriak. Landare nahiko txikia da, 20-30 zentimetrokoa. Hostoek oinaldean erroseta moduko bat osatzen dute, eta zurtoinean oposatuak ditu. Lore txiki eta arrosa kolorekoak ditu zurtoinaren muturrean, eta lore-elkartean agertzen dira. Lur nahiko heze eta buztintsuetan agertzen da, batez ere larre eta lur alferretan.
- Atal erabilgarriak. Sustraiak ez beste atal guztiak erabiltzen dira.
- Propietateak eta erabilpenak. Belarminari tentsio belarra ere esaten zaio, tentsioa jaisteko duen gaitasunarengatik. Garai batean, odola mehetu, garbitu eta tentsioa jaisteko erabiltzen zuten, depuratibo moduan. Anemia, gose falta eta ahuleziarako oso egokia da, baita sabeleko minak, haizeak eta urdail eta behazunaren sekrezioak estimulatzeko ere, digestio zail eta mingarrietan.
Infusioa edo dekozioa hartuko dugu, hamabost gramo landare ur litro batean egosiz hamabost minutuz. Ez edan hiru edalontzi baino gehiago egunean. Gibeleko arazoetarako, inflamazioa edo harriak daudenerako, sukarra jaisteko… kasu horietan ere infusioa hartuko dugu. Kanpo erabilera bezala, zikatrizante eta antiseptiko moduan erabiltzen da. Ultzera edo azaleko arazoetarako, zuku freskoa kataplasma moduan erabiliz edo infusioarekin garbituz. Kasu horretan, 60 gramo landare ur litro batean erabil daiteke. Gaitz horietarako, infusioez gain, tinturak erabil daitezke. Kasu horietan, hogei tanta hartu hiru aldiz egunean. - Kontraindikazioak. Esan bezala, odola mehetu eta tentsioa jaisten duenez, neurrian hartzea gomendatzen da.