Branding-aren gaineko aholkularitza enpresa da Adaki. Bertako langileek komunikazioarekin lotuta dauden zerbitzuak eskaintzen dituzte. Markak sortu, eraldatu, posizionatu eta haiei balioan emanez, beraien bezeroa izango den enpresa, erakunde edo dena delakoaren marka indartzea bilatzen dute.
Adakin euskaraz bizi dira, eta euskara bera «enpresaren oinarrietako bat» dela dio bertako komunikazio eta estrategia arduradun Eskeine Legorburu segurarrak. Ezkion du egoitza, Euskaraldian parte hartzea erabaki du: «Ia ehuneko ehuna euskaraz egiten dugun arren, ez gara iristen ehuneko ehunera bere osotasunean, eta hori lortu ahal izateko Arigune izatea pentsatu genuen. Euskara indartu eta babesa emateko ere eman dugu izena ekimenean».
2013an sortu zen Adaki, eta urte hartatik gaurdaino egon den lantaldea beti izan da euskalduna, beraien ezaugarrietako bat zerbitzuak euskaraz ematea baita, bai lankideen artean eta baita bezeroei zerbaiten inguruan aholkatzeko eta gomendatzeko garaian ere: «Euskararen aldeko apustua egiten du Adakik, eta uste dugu bide horretan interesgarria eta eredugarria dela Euskaraldia bezalako proiektu bat».
Lankideen artean baliagarri
Euskaraldiaren aurreko edizioan ere parte hartu zuten norbanako modura, eta Legorbururen esanetan, «esperientzia oso ona» izan zen: «Gure artean eta gure komunikazioetan euskara erabiltzen dugu, baina badago lankideren bat euskaraz ez dakiena eta ikasteko saiakera egiten ari dena. Euskaraldia bezalako ekimenei esker, lankide honi errazagoa egin zitzaion euskaraz hitz egiten hasteko pausu hori ematea, eta guri ere lantalde moduan, bide horretan berari laguntzeko tresna gisa balio izan zigun».
Euskararekiko duten harremanaz gain, eta aurreko edizioak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere ez dute zalantzarik izan ariketa sozial masibo honetan parte hartzeko: «Espero dugu orain arteko bidetik jarraitzea, jendea kontzientziatzea eta ikustea zeinen garrantzitsua den euskaraz komunikatzea eta elkarbizitza hori euskaraz izatea». Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan da aurtengo lema, eta Adakiko langileek bat egingo dute, «kontzientziazio kanpainatik harago, eta 2018an esaten genuen moduan euskara urteko 365 egun horietara luzatu dadin».