Idiazabalen egoitza duen Artzai -Gazta elkartea 1980ko hamarkadaren erdialdean sortu zen, artzain gaztaren kalitatea hobetu eta haren nortasunaren alde egiteko. Elkarte honen helburua da Artzai Gazta usadio kultural moduan aintzat hartzea eta artzainaren lana landa-eremurako garapen jasangarri gisa ikusaraztea.
Idiazabal izendapeneko artzain gaztagileak biltzen dituen irabazi asmorik gabeko elkarte hau Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 107 artzainek eta gaztagilek osatzen dute. Euskal kulturaren zati espezifiko hau zaintzeaz arduratzen diren arren, euskal kultura bere osotasunean mantentzea ere bilatzen dute bertako kideek, eta hori dela eta, aurtengo Euskaraldian Arigune izateko erabakia hartu dute.
Artzai Gazta elkarteko koordinatzailea da Belen Landa, eta elkartean egunerokotasunean duten hizkuntza ohituraren inguruan hitz egin du: «Egoerak posible egiten duen guztietan, euskaraz hitz egiten eta bizitzen saiatzen gara: gure artean, elkarrizketetan, mezuetan… Batzuetan euskaraz ez dakien jendea gerturatzen zaigu, eta horiekin ezinezkoa zaigu euskaraz egitea, baina esan dudan moduan, gure egunerokotasuna euskalduna dela esan dezakegu».
Elkartearekin hasi zirenetik, «lehenengo hitza beti euskaraz» egiten dutela argi utzi du Landak, eta horregatik Euskaraldiaren aurtengo edizioan Arigune moduan parte hartzeko apustua egin dute, beraien hizkuntza ohiturak pausu bat harago eramateko.
Landa gasteiztarra da, eta 2018ko Euskaraldian ere parte hartu zuen: «Hemen ohikoa da euskaraz hitz egitea; jende guztiak euskara erabiltzen du eta Euskaraldiak ez du sekulako aldaketa suposatzen. Gasteizen, ordea, euskaldun berri asko dago eta gauzak beste modu batera ikusi ohi dira han».
Aurtengo euskaraldiari begira, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lema babesten dute Artzai Gazta elkarteko kideek: «Iruditzen zait aurtengo lemak ezinhobe islatzen duela zein den Euskaraldiaren helburu, izan ere, horixe da gure eginbeharra: dakigunok erabiltzen jarraitzea eta erabilera hori pertsona gehiagorengana zabaltzea».