Lehen Banco Industrial de Guipuzkoa izenez ezaguna zena, Bankoa izenez ezagutzen da gaur egun. 1975. urtean sortu zen Donostian bertako enpresaburu batzuen eskutik, eta hasieran enpresa munduari begira ezarri zen arren, pixkanaka ikuspegia zabalduz joan ziren, partikularretara bideratuz eta azkenerako banku konbentzional baten itxura hartuz.
1997an Credit Agricole kooperatiba frantziarrak erosi zuen bankua, eta orain dela gutxi arte beraiek izan dira Bankoako jabeak. Irailean, ordea, Galiziako Abanca taldeak Bankoarekin zuen akordioa formalizatu zuen, eta hori dela eta, laster galiziarrak izango dira bankuaren jabe berriak.
Beasaingo eta Zumarragako bulegoetako zuzendaria den Koldo Aldezabalek honakoa adierazi du egoera honen aurrean: «Euskal Herritik kanpoko erlazio hauek guretzat oso garrantzitsuak diren arren, euskararen presentzia ere garrantzitsua iruditzen zaigu gure egunerokotasunean». Hain zuzen ere, presentzia hau mantentzeko asmoz, Besaingo bulegoan Arigune rola hartuko dute bertako langileek.
Bankoako giza baliabideen arloan lan egiten duen eta arduraduna den Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzaren presidentea da 2020ko irailetik. «Anak beti babestu izan du euskararen erabilera eta kontzientziazioa bankuan, eta horri esker ere bada bertako kideok euskararekiko dugun harremana», nabarmendu du Aldezabalek.
Jende asko datorkie euskaraz
2018an egin zen Euskaraldian Bankoako kideek ere parte hartu zuten. «Goierri eremu oso euskalduna da, eta ez da zaila izaten euskaraz hitz egin ahal izateko guneak aurkitzea», adierazi du. «Beasainen jende asko etortzen zaigu euskaraz hitz egiten, eta guri ere hizkuntza berean erantzuteko eta gure zerbitzuak euskaraz eskaintzeko aukera izatea gustatzen zaigu, jendeak eskertu egiten duelako hartu-eman hori». Hiru dira Beasaingo bulegoan lan egiten duten bankariak, eta guztiek dute euskaraz ongi hitz egiteko ahalmena: «Horregatik, Euskaraldia datorrenean beti prest gaude ekimenean laguntzeko eta hartu behar diren ardura guztiak aurrera eramateko», aipatu du Aldezabalek.
Bankoako kideek Euskaraldian parte hartzeko prestutasuna erakusten duten arren, zuzendariak dio ekimen honek ez duela aldaketa handirik suposatzen beraien kasuan, «euskara gure egunerokotasunean oso barneratuta dagoen gauza bat da, eta naturalki ateratzen zaigu hasieratik euskaraz hitz egitea. Egia da ekimen honek irauten duen egun horietan sentsibilizatuago egoten garela gai honekin, baina bestela normaltasun baten barruan erabiltzen dugu euskara».