Bittor Garcia • Ahobizi • Zaldibia
Egunerokotasunean euskara erabiltzea hein handi batean jarrera kontua denaren adibide garbia da Bittor Garcia. Guraso kanpotarrak ditu eta Portugaletekoa da jaiotzez, baina dagoeneko 18 urte inguru daramatza Zaldibian bizitzen: «Gaztetatik euskararekiko sentsibilitate berezi bat izan dudan arren, batez ere errespetuagatik hasi nintzen euskara ikasten, oso barrutik atera zitzaidan zerbait da. AEKn hasi nintzen euskara ikasten, eta irakasten ere bai geroago. «Pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen, eta azkenean, euskaraz bizitzea lortu dut».
Garcia beti ibili izan da mugimendu ezberdinetan euskararen munduan, eta hori dela eta, aurtengo Euskaraldian Ahobizi rolarekin parte hartzea erabaki du: «Aurreko edizioan normalean euskaraz hitz egitera animatzen ez den jendearekin euskaraz aritzeko balio izan zidan ariketak», azaldu du, eta «oso aberasgarria» egin zitzaion beraiek ere esfortzua egiten zutela ikustea. «Uste dut hemen, askotan, jendeak ez duela baloratzen euskara ikastea eta euskaraz bizitzea zer den. Euskaldun berriak garenok amets bat bezala bizitzen dugu». Garciak argi utzi du: «Nik euskaraz bizitzea lortu badut, edonork egin dezake. Ni ez naiz inor baino bizkorragoa, motibazio eta lehentasun kontua da».