Aitzol Asurmendi • Maizpide euskaltegia (Lazkao)
Belarriprest, Ahobizi ala Arigune, euskaldunok euskara erabiltzea da Euskaraldiaren helburua. Euskararik ez dakitenek, berriz, lehen pausu bat eman behar dute, euskara ikasi. Hemen ikasten hasteko hainbat aholku.
Bakarrik ez ikasi
Une latzak bizi ditugun honetan zaildu egin zaigu familiartekoekin, lagunekin… elkartzeko aukera. Halere, euskara ikasteko garaian, ezinbestekoa ikusten dugu bakarrik ez ikastea.
Ahal dugun moduan, saia gaitezen gure esperientzia jendearekin partekatzen. Partekatze hori aurrez aurre bakarrik ez, online ere izan liteke, gaur egun bitarteko ezin hobeak baititugu (talde txikian nahiz handixeagoan) jendearekin bideodeiak egiteko eta hamaika gairen inguruan jarduteko.
Martxoan hasitako konfinamendu garaia horren lekuko izan da, euskaltegian euskara ikasten ari ziren ikasleek, etxean «preso» egonik ere, aukera horrekin gozatu baitute, hizkuntza ikasteko prozesu horretan etenik izan gabe.
Lotsa alde batera utzi
Lotsa kentzea edo alde batera uztea derrigorrezkoa ikusten dugu. Eroriz ikasten dela ibiltzen dio euskal esaera zaharrak, eta akatsak egitea, beraz, normaltasunez hartu behar dugu (edozein hizkuntza ikasteko garaian halaxe da!). Kontuan hartu akats horiek aztertu eta ondorio egokiak aterata lortuko dugula gure euskara mailak pixkanaka gora egitea. Bestalde, hizkuntza praktikan jartzeko garaian, errazenetik has gaitezke: hasieran umeekin edota lagunekin, ondoren lantokian… Hasieran Whatsappez, gero ahoz…
Euskara ahalik eta gehien ‘kontsumitu’
Esan beharrik ere ez dago euskara ahalik eta gehien «kontsumitzea» ezin hobeto etorriko zaigula. Musika eta irratia euskaraz entzutea, adibidez, gure hautua da, gure esku dago!
Telebista bera ere euskaraz ikusteko gaur egun hamaika telebista-kate baino gehiago dugu, zorionez: ETB1, ETB3, Hamaika Telebista, tokian tokikoak (Goierri TB, Urola, Erlo…).
Euskaraz irakurri
Paperezkoaz gain, hamaika albiste eta kontakizun ditugu euskaraz Interneten. Eskualdean bertan ditugun Goiberri aldizkari hau bera, Goierriko Hitza egunkaria, eta goierri.hitza.eus eta otamotz.eus webguneak, eta Euskal Herri mailako Berria egunkaria.
Aukera faltagatik ez da izango! Eta gogoratu: txukun idatzi nahi badugu, hil ala bizikoa da irakurtzea!
Euskaraldian parte hartu
Eta, noski, hementxe dugu Euskaraldia! Parte hartu, beldurrik gabe! Animatu! Baina ez ahaztu urtean 365 egun ditugula euskaraz gozatzeko! Ausardia pixka batekin beste mundu bat, mundu zoragarria, ezagut dezakegu!