AnaTelleria • Belarriprest • Zumarraga
Euskaldun berria da Urretxuko Ana Telleria, eta normalean gaztelaniaz hitz egiten du etxean eta lagunekin. Baina badu gaitasuna euskaraz hitz egiteko eta ondo ulertzeko, eta Euskaraldian belarriprest txapa jarrita, hori adierazi nahi die ingurukoei, «mugak baditut ere, nirekin euskaraz hitz egin daitekeela eta nik ere euskaraz hitz egingo dudala».
Lanean ere erabiliko du txapa. Inpresio lanak egiten dituen Zumardin egiten du lan, eta lankideekin ere euskaraz izan nahi du harreman osoa.
Aurreko Euskaraldian ere parte hartu zuen, orduan ere belarriprest izan zen, eta hain justu lankideen artean orduan hasi ziren euskaraz hitz egiten. Tamalez, «poliki-poliki ni erdaraz hitz egiten hasi nintzen berriz». Lehen Euskaraldian hartu zuten dinamika berreskuratu nahiko luke orain, nahiz eta onartu zailtasunak dituela gai teknikoetan sartzen direnean adibidez. Etxekoekin ere aldatu nahiko luke harremanetarako hizkuntza, eta horretarako aukerak baditu: «Ohiturak aldatzea falta zait».
Hala ere, euskaraz hitz egiteko «beldurrik eta lotsarik ez» duela ozen esan nahi du Telleriak, eta Euskaraldia amaitutakoan ere, jarrera horrekin jarraitu nahi duela.