Iñaki Lopez • Belarriprest • Beasain
Iñaki Lopez beasaindarra apaiz lanetan aritzen da Tolosaldeko zenbait herritan. Euskaraldian Belarriprest izatea erabaki du: «Galdetu zidaten ea prest nengoen ekimen honetan parte hartzeko, eta baiezkoa esan nien. Belarriprest izango naiz, askoz hobeto moldatzen naizelako honekin Ahobizi rolarekin baino. Ongi hitz egiten dut, baina hanka ere sartzen dut batzuetan. Aditzekin dut arazo handiena».
«Familian amaren aldetik denek dakite euskaraz, eta amona etxera etortzen zen bakoitzean ama eta amona euskaraz aritzen ziren beraien artean. Kontua da aita erdalduna dela, eta horregatik gure etxean beti gaztelaniaz hitz egiteko joera izan dugu». Hala eta guztiz, bere egunerokotasunean sarritan erabili ohi du euskara «Meza euskaraz ematen dut, eta egunerokotasunari dagokionez, egoeraren arabera bata edo bestea erabiltzen dut, leku batzuetan besteetan baino erosoago sentitzen naizelako euskaraz hitz egiten».
Euskaraldiari begira, modu positiboan azaldu da Lopez: «Egoera kaskar samarra den arren, espero dut merezi duen oihartzuna izatea, jendea animatzea eta euskeraren erabilera handiagotzea. Horrelako ekimenak babestu egin behar dira, eta esfortzua egin behar da aurrera atera daitezen».