Blanca Arrieta • Belarriprest • Zegama
Jaiotzez zegamarra den arren, 20 urte zituela Tarragonara bizitzera joan zen Blanca Arrieta: «Gaztea nintzela mediterraneora joan nintzen, eta maitemindu egin nintzen hango klimaz. Erabaki nuen Tarragonara itzuli nahi nuela, eta bi aldiz pentsatu gabe han geratu nintzen bizitzen». Alabaina, duela bi urte bere senitartekoen osasun kontuak direla eta, Goierrira itzuli zen Arrieta: «Aizkorri oso polita izango da, baina nik jendeari esaten diot Zegamako hozkailua dela».
Euskaraldiaren aurreko edizioan ezin izan zuen parte hartu, baina aurtengoan Belarriprest izango da: «Egia esan ez dakit oso ongi nola funtzionatzen duen Euskaraldiak, baina hala ere nire ekarpena egiteko prest nago. Eroski City-ko kutxazaina naiz, eta jende ugari euskaraz mintzatzen zaidanez, ohituta nago Belarriprest rola betetzera».
Arrietari euskararekiko duen harremana azaldu du: «Nire ama Santandergoa da eta ez daki euskaraz, baina etxean aitak euskaraz egiten zuen, eta nik ere banekien. Tarragonan bizi izan ondoren, ordea, ahaztu egin zait» dio Arrietak, «Haurrekin euskaraz aritzeak lotsa gutxiago ematen dit, baina nire lagunak adibidez barrezka aritzen dira entzuten banaute. Hala ere, egun hauetan saiatuko naiz».